Ansola ez da ika-mikan sartu eta berretsi du Bengoetxea dela "hautagairik onena"
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia "harrituta" azaldu zen atzo Bizkai Buru Batzarrak (BBB) bere hautagaitza baztertu duelako. Biharamunean, hartutako erabakia defendatu du berriro Ansolak, EITBri egindako adierazpenetan.
Iñigo Ansola EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak ez die erantzun nahi izan Elixabete Etxanobe egungo Bizkaiko ahaldun nagusiak egindako kritikei. Etxanobe minduta azaldu zen atzo BBBk Ibone Bengoetxea lehendakariordea proposatu duelako 2027ko foru hauteskundeetarako Bizkaiko hautagai gisa. Biharamunean EITBrekin mintzatu da Bizkaiko buruzagi jeltzalea, eta hartutako erabakia defendatu du: "Hautagairik onena proposatu dugu". Era berean, alderdiaren barne prozesua errespetatzeko deia egin du Ansolak.
Bizkaiko EAJk ostegunean jakinarazi zien Etxanoberi eta Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteari Ibone Bengoetxearen aldeko apustua. Etxanobek aitortu zuenez, "erabateko sorpresa" izan zen beretzat, eta "horren zergatiak" ez dituela ezagutzen esan zuen. Are gehiago, jakinarazi zuen Ansolak martxoan baieztatu ziola hurrengo hautagaia bera izango zela.
BBBko presidentea Markina-Xemeinen (Bizkaia) izan da gaur, eta EITBk Etxanoberen adierazpenez galdetuta, ez da aurrez aurrekoan sartu. Ansolak nabarmendu duenez, "BBBk bere eskumena du ahaldun nagusi izateko pertsona proposatzea, eta ostegun honetan hartu du erabakia, ikusita aldi politiko berri baten aurrean gaudela, hautagairik onena ahaldun nagusi izateko Ibone Bengoetxea dela". "Hemendik aurrera beste ezer ez dut esango", erantsi du.
Azkenik, nabarmendu duenez, "ni alderdi oso demokratiko bateko kidea naiz, eta prozedura horrek erabat errespetatuko ditut".
Ildo beretik mintzatu da Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramailea. Horren esanetan, "barne prozesu bat dago hautagaiak aukeratzeko, eta nik egin behar dudana da prozesu hori errespetatu, eta horixe egingo dut".