Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahaian parte hartu behar baldin badut?
Azaroaren 29an hauteskunde-mahaietako kideek 75 euro jasoko dituzte. Ordezkoek kargua hartzen badute baino ez dute kobratuko.
Hauteskunde-mahaien osaera erabakitzeko, udalek zozketak egingo dituzte datorren urriaren 31 eta azaroaren 4a bitartean. Mahai horietako bakoitzean hiru pertsona egongo dira: presidente bat eta bi bokal. Betebehar horretan dihardutenek 75 euro jasoko dituzte.
Diru kopuru horrez gain, funtzionarioek eta besteren kontura lanean dihardutenek ordaindutako baimena izango dute egun osoan zehar, baita hurrengo egunean 5 orduko baimena ere.
Zeintzuk dira betebeharrak?
Udalek egindako zozketetan titular bana eta bina ordezko izendatuko dituzte, hauteskunde-mahai bakoitzeko hiru karguetarako. Hauteskunde egun goizean mahaien eraketarako bertaratu beharko dira guztiak, bai titularrak, bai ordezkoak.
Beren zereginak izango dira hautesleen botoak jasotzea eta horiek hauteskunde erroldan inskribatuta daudela ziurtatzea. Bozketa amaitutakoan, boto-zenbaketari ekingo diote. Guztira, hamabi ordutik gorako zerbitzu publikoan arituko dira eta, lan hori konpentsatzeko, Espainiako Estatuko gobernuak 75 euroan ezarri du jasoko duten dieta.
Alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartu ahal izango dute, bai egunean zehar bai zenbaketan, baina ez dute ordainsari publikorik jasoko.
Ba al dago uko egiteko aukerarik?
Udalek egingo duten zozketetan, sekzio bakoitzerako, 70 urtetik beherako hautesle guztiek hartuko dute parte, irakurtzeko eta idazteko gai baldin badira. Nolanahi ere, 65 urte beteak dituztenek uko egiteko aukera izango dute.
Mahaia osatzeko hiru postu bete behar dira: presidente bat eta bi bokal. Horietako bakoitzerako, udalek titular bat eta bi ordezko izendatuko dituzte. Presidente izateko Batxilergo edo bigarren mailako Lanbide Heziketa eskatzen da edo, horren ordez, eskola-graduatua edo horren parekoa.
Mahaian parte hartzea derrigorrezkoa da, titularrentzat zein ordezkoentzat. Bertaratzen ez direnek kartzela-zigorra jaso dezakete, hiru hilabete eta urtebete artekoa, edo isuna, sei eta hogeita lau hilabete artekoa.
Eskudirutan
Hego Euskal Herrian izandako azken hauteskundeetan, mahaietan parte hartu zutenek 70 euro jaso zituzten. Arruntena eskudirutan jasotzea da. Ordaindu beharreko kopurua, 2023. urtera arte, langile publikoen soldaten arabera eguneratzen zen. Horren ondorioz, ordainsariak zentimoak izaten zituen, eta horrek ordainketak zailtzen zituen. Hori ekiditeko, ministro-agindu bidez eguneratzea erabaki zuten.
Joan den ekainaren 19an iritsi zen ministro-agindu hori, eta 5 euroko igoera aplikatu zen. Beraz, datorren azaroaren 29an mahaian presidente- zein bokal-lanetan arituko direnek 75 euro jasoko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Astelehen honetan egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"