Langabeziak gora egin du berriro Hego Euskal Herrian
EAEko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan abenduan baino 4.775 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean, % 3,18ko igoera izan baitu. Hala, guztira 154.792 dira langabeak Euskal Autonomia Erkidegoan.
2015eko urtarrileko datuekin alderatuz gero, berriz, % 10,09 egin du behera langabeen kopuruak (17.373 langabe gutxiago).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian % 2,9ko igoera izan du langabeziak (2.441 langabe gehiago); Araban, % 4,34koa (1.058 langabe gehiago); eta Gipuzkoan, % 3,09koa (1.276 langabe gehiago).
Nafarroaren kasuan, urtarrilean abenduan baino 1.970 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 4,57ko igoera izan du), eta guztira 45.113 dira lanik gabe daudenak.
Gaur argitaratutako datuen arabera, 2015eko datuekin alderatuta, langabeziak % 8,73 egin du behera (4.315 langabe gutxiago).
Espainiako Estatuan, urtarrilean aurreko hilean baino 57.247 langabe gehiago zenbatu dituzte, 2004tik izan den gorakada txikiena; guztira, 4.150.755 pertsona zenbatu dituzte hilabetearen amaieran langabezian.
Hala eta guztiz ere, 2016an aurreko urteko hilabete berean baino 374.936 langabe gutxiago zenbatu dituzte; urtebetean inoizko murrizketarik handiena izan du, beraz, datu horrek.