Osakidetzaren lan-eskaintza publikoen eredu berriak elkarrizketak aurreikusten ditu
Etorkizunean Osakidetzak deituko dituen lan-eskaintza publikoetan, lanpostu gutxiago eskainiko dituzte, azterketa teorikoak test modukoak izango dira, epaimahaiak txikiagoak izango dituzte eta horiek zozketaz hautatuko dituzte, eta, halaber, proba osagarriak izango ditu, elkarrizketak eta proiektuen aurkezpena kasu.
Hala zehaztu du, Eusko Legebiltzarrean, batzordean, Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diegok. Diegok aurkeztu du lan-eskaintzen eredu berria, eta asmoa da eredu hori modu progresibo batean ezartzea, 2016-2017ko lan-eskaintzan izandako irregulartasunen ostean; auzitegietan ari dira ikertzen irregulartasun horiek, aurreko Osasun sailburu Jon Darponek dimisioa eman zuen horiengatik.
Guztira, hobetzeko 37 neurri hartu dituzte, bost arlotan: araudia, plangintza, epaimahaiak, azterketak eta eremu orokorra. Besteak beste, eredu berriak proposatzen du epaimahaietako kideak zozketaz aukeratzea, eta kide horiek orain arte baino gutxiago izatea; normalean, 5-7 kide izango lituzkete epaimahaiek, eta 3 ere izatea aurreikusten da.
Gainera, ezagutza teorikoez gain, asmoa da proba osagarriak sartzea, modu progresibo batean, memoriak eta proiektuak aurkeztea edo elkarrizketak kasu. Elkarrizketen helburua litzateke sakontzea hautagaien curriculumean.
Izaera parte-hartzailea
Nekane Murga Osasun sailburuak dokumentuaren izaera parte-hartzailea nabarmendu du; oinarri gisa, Jimenez Asensio irakasleak eginiko proposamen eta gomendioak ditu. Halaber, Arartekoaren, IVAPen, UPV/EHUrekin, elkargo profesionalen edo talde politikoen ekarpenak ere jaso dira. Hamaika hilez jardun da lanean, eta 30 bilera inguru egin dira, ideiak jaso eta egiaztatzeko.
"Helburua izan da eragile parte-hartzaileen ahalik eta adostasun eta onarpen handiena duten neurriak hautatzea", esan du Murgak, eta eragile guztien gogoa eskertu du.
LEPen eredu berriak lau ezaugarri orokor ditu: pixkanaka ezarriko dela, hiru helburu zehatz dituela (alegia, enpleguaren egonkortasuna, belaunaldi-txandaren erronkari erantzuteko berriztapena, eta talentu berria erakarri ahal izateko definizio berria), segmentutan banatuta dagoela (elkarren artean ezaugarri desberdinak dituzten lau lanbide-talde ditu gogoan), eta eredu irekia dela. Beraz, neurri berriak sartu ahalko dira, honako hauen ondorioz, besteak beste: akordioak, aurrerapen teknologikoak edo lortutako esperientzia. Gainera, aurrerantzean egingo diren adostasuneko ekarpen berriak ere sartuko dira.
"Araudi-esparru hori orain sekula baino garrantzitsuagoa da", esan du sailburuak; izan ere, "Osakidetzan, duela 36 urte sortu zenetik, lantaldea berritzeko sekula egin den prozesurik handiena egingo da datozen urteotan".
37 neurri
LEPen eredu berriak arestian zehaztutako bost eremu handitan batzen diren 37 neurri jaso ditu. Araudiari dagokionez, hau da, araudia eguneratzearekin zerikusia duten neurrietan, jaso dira, besteak beste, postu funtzionalak berrikusi eta eguneratzearekin edo araudi-esparru egonkorra eta zehatza emango duen Osakidetzako hautaketarako eta postuak betetzeko prozesuen arauketa garatzearekin zerikusia dutenak.
Plangintzan, eredu berriak lau neurri jaso ditu eta, haietan, Osakidetzako giza baliabideen egungo egoeraren ebaluazioa egiteaz gain, zenbait helbururi erantzungo dien hautaketa-prozesuen plangintza berria aurreikusten da (besteak beste, egonkortasunari, berritzeari eta birdefinizoari erantzungo die). Horrela, LEP masiboak alde batera utzi eta prozesu urriagoak eta arinagoak egiteko apustua egiten da, horiek azkarrago ebatzi ahal izateko.
Eremu orokorrean (prozesuen diseinuan eta edukian du zeharkako eragina honek), lehiaketa (oposizioa) Osakidetzako langileria finkora jotzeko sistema orokor gisa ezartzen da. Hala ere, kasu bakoitzean bete behar diren postuen ezaugarrietara egokitzen den berrikuntza-osagaia sartzen duten proben formatuak pixkanaka sartu ahal izateko aukerak ere aurreikusten dira; esaterako, egituratutako jokabide-elkarrizketak sartzea, edo espezializazio handiko postu batzuetarako proiektu eta memoriak aurkeztea.
Epaimahaien arloan, eredu berriak, besteak beste, honako neurri hauek proposatzen ditu ditu: epaimahaikide kopurua murriztea; epaimahaiaren eraketa zozketa bidez hautatzea; betebehar etikoak eta kideen eskubide eta betebeharrak jasoko dituen jokabide-kodea onestea; eta tribunalen kideentzat prestakuntza-programa bat abian jartzea.
Azterketen harira, dokumentuak honako neurri hauek proposatzen ditu: epaimahaikideei probak prestatzeko eta zuzentzeko eskuliburu operatiboa ematea, IVAPi proba teorikoak test formatuan prestatzeko agindua ematea, eta, gainera, proba praktikoak prestatzeko lana pertsona bakarrari ez agintzea, pertsona horrek amaierako edukia ezagutu ez dezan.
Halaber, proben amaierako zehaztapenean, ausazko elementua sartuko da, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren amaierako edukia ezagutzen ez duela ziurtatzeko.
Pixkanaka egituratutako jokabide-elkarrizketak sartzeko aukera aurreikusten da, hautagaien curriculum-azterketan sakontzeko; halaber, gaitasunak egiaztatzeko proba berriak sartzea aurreikusten da, izaera pilotu gisa.
Azkenik, genero-berdintasunaren gaia sartuko da proba teorikoen edukietan.
Sindikatuak, desengainatuta neurriarekin
Akordiotik kanpo geratu diren Osakidetzako sindikatu nagusiek desengainua agertu dute Jaurlaritzak iragarri duen neurriaren aurrean.
ELAk ohartarazi du eredu berriak ez diola amaiera ematen "egungo hautaketa sistema ustelari, ez bere oinarrian dagoen lan prekarietateari".
Osakidetzaren enplegu ereduak "porrot" egin duela adierazi ostean, azpimarratu du hori ez dela "ezerezetik atera, baizik eta azken urteotan ezarritako erabakien eta politiken ondorioa" dela.
"Hautaketa sistema gardena eta parekidea nahi badugu, sistema ustel hau eta bere oinarrian dagoen behin behinekotasuna amaitu behar da", berretsi du. Gaineratu duenez, Osakidetzak aurkeztutako neurri horiek ez dituzte "Zerbitzuburuen funtzioak, boterea eta papera aldatu, eta txaplata hutsa dira, egungo egoera aldatuko ez dutenak", zeren "oinarrira joaten ez bada, aplikatzen den edozein neurri urratu edo manipulatu ahalko da batzuen mesedetan".
LABek salatu du neurriak ez duela "oposaketa prozesu garbirik bermatzen", eta Osasun Sailaren "aurpegia zuritzeko" soilik egin dutela.
Gainera, neurria "modu antidemokratiko eta baztertzailean" hartu dutela, eta "filtrazioak salatu dituzten sindikatuak kanpoan" utzi dituztela kritikatu du.
Horren harira, LABek uste du ez dela "zuzena" neurriak SME, SATSE eta UGT sindikatuekin soilik negoziatzea, "oposaketa ustelaren sinatzaileak" izan zirelako, besteak beste.
CCOOren Osasun arloak "desengainu eta errealitatetik kanpoko"tzat jo du Jaurlaritzaren iragarpena, eta Osakidetzak "negoziatzearen kontzeptua" ez duela "argi" deitoratu du, "batzarrak edo alegazioak egitea benetako adostasuna bilatzeko jarduerarekin nahasten" duelakoan.
CCOOk gogorarazi du "helburuetako bat auzitegien ahalmenak murriztea" zela, eta "elkarrizketak eta proiektuen defentsak" ez datozela bat helburu horrekin.
Bestalde, UGTk Osakidetzako mahai sektorialean dituen ordezkariek salatu dute sindikatuaren siglak erabili dituztela oposaketa eredu berria iragartzeko, baina UGTk ez duela "ez negoziatu ez adostu eredu berri hori Osakidetzako zuzendaritzarekin".
"Oraindik aztertzeko dugun dokumentu bat da, baloratu egin behar dugu, eta beharrezkoa izango balitz, dagozkion alegazioak aurkeztu", ohartarazi dute UGTren ordezkariek, gaur aurkeztu duten dokumentuaren idazketan ez dutela parte hartu berretsi aurretik.
Alderdien iritziak
Eusko Legebiltzarreko taldeek ere eman dute lan-eskaintza publikoaren eredu berri honen gaineko euren iritzia. Hala, Kerman Orbegozo EAJko legebiltzarkideak babestu du neurri hauen xede nagusia dela "pixkanaka, Osakidetzaren pertsonala egonkortzea eta berritzea; izan ere, belaunaldi-aldaketaren aurrean dago"; nabarmendu du ez dela "eredu itxia", baizik eta "abiapuntua, dauden erronkei aurre egiteko, eta sortuko diren beharrei erantzuteko".
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, bere aldetik, gaitzetsi du Murgak adieraztea proposamena "adostasun-testuinguruan" egin dela, eta hari "akordioa" deitzea; izan ere, Uberak esan duenez, "Jaurlaritzak berak erabaki du zein proposamen hartu, eta zeintzuk ez". "Jakin berri dugu eredu berria nolakoa den. Ez dugu ezer erabaki", berretsi du, eta galdetu du "aldaketak egiteko aukerarik" izango ote den.
Elkarrekin Podemoseko Cristina Macazagak azpimarratu duenez, "LEPeko filtrazioak agerian geratu izan ez balira, ziur aski egokitze hau motelagoa izango zen". Dena dela, kezka agertu du; haren hitzetan, baliteke eredu honek ez izatea bermatzerik "LEPetan horrelako jarduera zitalak egotea".
Natalia Rojo PSEko legebiltzarkideak nabarmendu du eredu berriak "aurrekoa hobetzen duela", eta sailburua zoriondu du, hori egin eta Ganberan aurkeztu izateagatik, giroa, egindako LEPengatik, "ernegatuta badago ere".
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak aurreko lan-eskaintza publikoan izandako erregulartasunekin lotu du eredu-aldaketa; hain zuzen ere, erregulartasun horiek "zalantzan jarri dute euskal osasun sistema". "LEPeko eskandalua sortu izan ez balitz, egungo sistema baliozkoa izango zen?", galdetu dio sailburuari. Gainera, babestu du Jaurlaritzaren proposamenek ez dutela edukirik izango, LEP berrietan ez bada bermatzen "filtraziorik ez egotea".
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.