Urriko lan-eskaintzan hasiko da Osakidetza hautatze prozesuko neurri berriak ezartzen
Urriko bigarren hamabostaldirako deituta du Osakidetzak 26 espezialista eta teknikari aukeratzeko lan-eskaintza publikoa (LEP), eta deialdi horretan ezarriko ditu aurreneko aldiz sindikatuekin adostutako hautatze prozesuetarako neurri berriak. Orotara, 353 pertsonak eman dute izena LEP honetan.
Neka Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Juan Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak kazetarien aurrean eman dituzte gaur urrian hasiko diren hautaproben inguruko xehetasunak.
Azken lan-eskaintza publikoan irregulartasunak salatu ondoren, Osakidetzak azterketak egiteko eredu berri bat jarri du martxan, eta, besteak beste, bete egingo ditu lan-eskaintza publikoen "berdintasun, merezimendu eta ahalmen printzipioak" bermatzeko Arartekoak emandako gomendioak.
Denera, 12 neurri berri adostu ditu Osakidetzak UGT sindikatuarekin, Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin eta Satse erizainen sindikatuarekin, eta, Murgaren hitzetan, "zorrotz" ezarriko dituzte neurri horiek guztiak. "Orain arte bezala, Osakidetzak prozesuen gardentasuna bermatzeko borondate eta konpromiso osoa agertu nahi du", esan du gaurko agerraldian.
Aurreko lan-eskaintzan salatutako irregulartasunei buruz galdetuta, Diegok adierazi du prozesuak "deialdiz deialdi hobetu" behar direla, eta Osakidetza horretan ari dela lanean.
Hemendik aurrera, azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaietako kideak zozketa bidez aukeratuko direla nabarmendu du sailburuak, eta lehendabiziko zozketa etzi, asteazkena, egingo dela zehaztu du.
Epaimahaikide guztiek formazio saio bat jasoko dutela iragarri du, bete beharko dituzten arauak jakinarazteko. "Lanerako autonomia osoa izango dute epaimahaiek", gaineratu du.
Halaber, deialdiak esplizituki adieraziko ditu epaimahaiko kideek dituzten betebehar etikoak eta jokaera-arauak. Horiek konpromiso etikoa sinatu beharko dute.
Probak prestatzeko eta zehazteko oinarri metodologiko espezifiko bat izango da. Horrela, proba teorikoa eta praktikoa prestatzeko, EAEtik kanpoko espezialistengana joko da.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prozesu osoa zuzendu eta zainduko du, eta hautaprobak ez ditu pertsona bakar batek bakarrik prestatuko. Bestalde, proba teorikoan landuko den gaietako bat zozketa bidez aukeratuko da.
Datorren deialdirako izena eman dutenen % 73 emakumezkoak dira, eta hamarretik zortzi EAEko herritarrak dira gainera.
Zure interesekoa izan daiteke
Artxandako tunela, itxita: eragozpen nagusiak, bide alternatiboak eta aholkuak
Bilboko gotzainak elkarrizketarako deia egin du, "berriz ere indarkeria agertu ostean, aurretik izan zenaren berdina izan ez arren"
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko