Eskolara bueltatzeko erabakia zentroen esku utzi izana salatu dute sindikatuek
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez. Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu dute eta mobilizazioak iragarri dituzte.
Sindikatuak hezkuntza komunitateko ordezkariekin (eskola publikoetako zuzendariak, ikasleen sindikatuak, guraso elkarteak eta ikastolak) bildu dira goizean konfinamendua arintzeko prozesuari buruz hitz egiteko eta ondoren agiri bateratua kaleratu dute.
Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak maiatzaren 18tik aurrera klasera bueltatzeko asmoa, eta gaur itzulerari buruzko erabakia hartzeko ikastetxeek autonomia izango dutela jakinarazi du.
Sindikatuek gogor kritikatu dute Jaurlaritza. Joan den astean aurkeztutako plana "inprobisazioarekin, arinegi eta zehaztasunik gabe" egin duela leporatu diote, eta orain azken erabakia zentro bakoitzaren gainean utzita "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela salatu dute.
"Osasuna bermatzeko neurriak eskaini gabe, ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen esku uzten du, bere ardurari uko eginez", kritikatu dute.
"Osasuna bermatzeko neurriak, protokoloak eta irizpide zehatzak biltzen dituen plana egin behar du Hezkuntza Sailak, eta ikastetxe bakoitzari plan hori gauzatzeko baliabideak eman behar dizkio", azpimarratu dute.
Horrez gain, itzulerari buruzko erabakia zentro bakoitzak hartuz gero, ikasleen arteko arrakalak sortzeko edo/eta handitzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.
Gauzak horrela, Hezkuntza Sailari arduraz jokatzeko eta eskolara itzulera eragile ezberdinekin adosteko galdegin diote, osasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak har daitezen.
Segurtasun bermerik gabe
Ildo horretan, sindikatuek berriro nabarmendu dute Hezkuntza Sailak joan den astean iragarritako plana hezkuntza sektoreko eragileekin adostu gabekoa dela eta gaurko bileran berriro agerian geratu dela aurrez aurreko klaseak maiatzaren 18an segurtasunez hasteko baldintza nahikorik ez dagoela.
Hezkuntza Sailak protokoloak "segurtasun irizpide orokorregiak biltzen ditu eta hori ez da nahikoa".
"Itzulera maiatzaren 18rako iragarri izana arduragabekeria galanta izan bazen, arduragabekeria handiagoa da erabaki hori hartzeko erantzukizuna zentro bakoitzaren esku utzi izana", salatu dute.
Testuinguru honetan, sindikatuek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira, lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Behineko kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian lan egiteagatiko plusik ez jasotzea edota lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak izatea salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.