Euskadiren esportazioek % 39,2 egin dute gora urtebetean
Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunen esportazioetan –2.171,6 milioi euroko balioa–, % 39,2ko igoera erregistratu zen 2021eko maiatzean, aurreko urteko hil beraren aldean; bigarren erregistro onena izan da, 2019ko abendutik, Eustaten datuen arabera.
Bestalde, inportazioek (guztira 1.733,8 milioi) % 62,2 egin zuten gora; igoera izan zen bai produktu energetikoetan (% 169,9) bai ez-energetikoetan (% 45,2).
2021eko maiatzean, saldo komertziala –esportazioak ken inportazioak– positiboa izan da, eta 437,8 milioi eurokoa izan da; hala, estaldura-tasa % 125,2koa izan da.
Hiru lurralde historikoek, laugarren hilabetez jarraian, balio negatiboak izateari utzi diote, eta esportazioetan honako igoera hau izan dute ehunekoetan: Gipuzkoan, % 29,7koa; Araban, % 35,7koa, eta Bizkaian, % 50,6koa.
2021eko maiatzean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Norvegia) izan dira Euskadiren bezero nagusiak, guztizkoaren % 48,8 eurenganatuta (1.060,2 milioi).