Lanuzteak berriro Bilboko metroan gaur, 6:30etik 9:30era eta 18:30etik 21:30era
Gaur, asteartean, eta ostegunean, hilak 28, berriro ere izango dira lanuzteak Bilboko metroan, ELAk, CIMek, UGTk eta Trenbide Makinisten Espainiako Sindikatuak deituta. Mobilizazioaren helburua bikoitza da: alde batetik, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan presioa egitea, eta, bestetik, makinisten lan baldintzetan ezartzekoak diren aldaketen aurka protestatzea. Lanuzteak egingo dituzte 6:30etik 9:30era, goizeko txandan, eta 18:30etik 21:30era, arratsalde-gaueko txandan; Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ditu ezarrita, zerbitzuetako % 30.
Eguneko gainerako orduetan, uztaileko lanegun bateko zerbitzuetako % 100 izango dira. Hori eman du jakitera Metro Bilbaoko Zuzendaritzak astelehenean ohar bidez.
Zuzendaritzak ziurtatu duenez, sindikatuekin egitekoak diren bilera-egutegiari eutsiko diote, "hitzarmen berria negoziatzeko jarrerak gerturatzen saiatzeko". Metro Bilbaok lanuzte gehiago izatea deitoratu du "bezeroengan duen eraginagatik". Horrez gain, gomendioa da bidaia aldez aurretik planifikatzea, afekzioak saiheste aldera.