Energia aurrezteko plana aztertuko dute gaur Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek
Espainiako Gobernuak gaur egingo du Lurralde arteko Energia Batzordearen bilera, Energia, Industria eta Merkataritza alorretako Autonomia Erkidegoko buruzagiekin. Energia aurrezteko eta gas naturalarekiko mendekotasuna murrizteko errege-dekretuaren nondik norakoak azaltzeko batzarra izango da.
Erkidego bakoitzeko energia eta merkataritza arduradunekin batera, Espainiako Udalerrien eta Probintzietako Federazioa ere deituta dago, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak jakinarazi dutenez.
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak, Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak eta Sara Aagesen Energia Estatu-idazkariak zuzenduko dute modu telematikoan egingo den bilera (10:00etan).
Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, EAEren izenean, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Jasangarritasunerako eta Ingurugirorako sailburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumorako sailburua izango dira bertan.
"Ukrainako gatazkak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko helburuz, energia aurrezteko Europar Batasunaren aurrean Espainiak hartutako konpromisoa berrestea" du helburu biharko batzarrak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak azaldu duenez, "eta administrazio guztien aurrezte eta eraginkortasun energetikorako politikak lerrokatzea".
Gainera, errege-dekretuak jasotako irizpideak eta horren gaineko zalantzak argitzeko balioko du bilerak. Datorren asteazkenean, abuztuaren 10ean, 00:00etan indarrean sartuko dira errege-dekretuaren xedapenak.
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidenteak datorren astean Presidenteen Konferentzia deitzea eskatu du, astelehenean Ministroen Kontseiluan onartutako energia aurrezteko planari heltzeko, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Energiaren Konferentzia Sektorialaren bilera "inprobisatzea" leporatu dio.
Zure interesekoa izan daiteke
Azaroaren 11, etxebizitza eskubidearen aldeko Estatu mailako greba orokorra egiteko aukeratutako data
Taxilariek legea betetzea eta ibilgailu gidaridunen gaineko kontrola handitzea eskatu dute
Medikuek urriaren 28ko greba mugagabea atzeratu egin dute, hauteskunde deialdia dela eta
Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra: deialdi bat edo bi izango dira Hego Euskal Herrian?
ELA eta LAB, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako