Espainiako Gobernuak 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu ditu
Espainiako Gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokorretako proiektua onartu du astearte honetan. Aurrekontu horiek espainiar demokraziaren historiako hedakorrenak dira; gastu muga 198.000 milioi eurotik gorakoa dute. Besteak beste, neurri hauek dituzte: funtzionarioen soldata igoera, pentsioak KPIaren arabera eguneratuko dituztela, osasun gastua igoko dela, eta familiek eta langabeek laguntza gehiago izango dituztela.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko espainiar ministroak nabarmendu du Aurrekontuen helburua dela "ziurgabetasun handiko garai hauetan aurrera egitea"; PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizioaren hirugarrenak dira, bai eta legealdiko azkenak ere, eta Ukrainako gerraren testuinguruan adostu dituzte. Familiei "segurtasuna eta egonkortasuna" eskaintzen dizkiete, eta "mezu argia" utzi nahi dute: hain zuzen, espainiar ekonomiak kaudimena eta dinamismoa dituela.
Nadia Calviño Espainiako presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroak zehaztu duenez, hazkundearen aurreikuspena % 2,1ekoa da hurrengo urteari begira, eta hori da kontu publiko berrien oinarria. Calviñoren esanetan, aurreikuspen hori "zuhurra" da. BPGaren deflaktazioa % 4koa izango da aurten, eta % 3,8koa 2023an, aurreikuspenaren arabera.
Aurrekontuek berriki iragarritako neurri fiskalak ditu: besteak beste, aberatsenentzako zerga berria, 3 milioi euro garbitik gorako ondareetarako; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan murrizketak izango dituztela 21.000 eurorainoko errentek; 200.000 eurotik gora kapital errentetan karga igotzea; autonomoentzako moduluetan murriztapenak; edo enpresa handietarako Sozietate Zerga igotzea.
Gerrako ondorioei aurre egiteko neurri publikoak, aldiz, ez daude Aurrekontuetan, Renferen doako bonuak izan ezik; izan ere, azken horiek 2023an ere izango dira indarrean. Gainerako neurriak abenduan aztertuko dituzte, hau da, agortu ostean, eta erabakiko dute zeintzuk luzatu eta zeintzuk ez, azaldu du Monterok.
Gastu soziala, inoizko handiena
Gastu soziala inoizko handiena da, eta Espainiako Gobernuaren helburua da indartzea osasuna (bereziki, lehen mailako arreta), hezkuntza, mendekotasuna eta bekak. Horrez gain, PSOEk eta Unidas Podemosek familien lege bat garatzea adostu dute; kontziliazio baimen berriak izango dira bertan, bai eta hileroko 100 euroko prestazio bat hazkuntzarako, 0-3 urte arteko seme-alabak dituzten familientzat, eta, halaber, gutxienez bi seme-alaba dituzten familia gurasobakarrak familia ugaritzat joko dituzte.
Monterok gogora ekarri duenez, 2023rako gastu ez finantzarioaren gastu muga 198.221 milioi eurokoa izango da, inoizko altuena, 2022koa baino % 1,1 altuagoa. Europar funtsek 25.156 milioi emango ditu horretarako, eta Gizarte Segurantzarako transferentzia 19.888 milioikoa izango da, iaz baino % 8,1 gehiago. Defizita BPGaren % 3,9 izango da.
Zorrari dagokionez, Calviñok azaldu du nola 2023an pandemiaren ostean hasitako beheranzko bidean jarraituko duen, ekonomiaren susperraldiari esker eta kontuan izanik defizit publikoak behera egin duela. Hain zuzen ere, BPGaren % 112,4koa izango da.
Kontu horiekin, funtzionarioen soldata % 2,5 haziko da, eta beste puntu bat ere igo liteke, KPIarekin eta BPG nominalarekin lotutako zenbait aldagairen arabera. Hala, 2022ko Bateratutako KPIaren eta 2023ko iraileko aurreratutako Bateratutako KPIaren batuketa % 6tik gorakoa bada, % 0,5 gehiago jasoko dute.
Beste aldagaia, % 0,5ekoa hori ere, kasu honetan ezarriko dute: BPG nominala 2023ko Aurrekontuetarako egindako koadro makroekonomikoaren parekoa bada, edo handiagoa bada. Hala adostu dute CC. OO. eta UGT sindikatuekin.
Pentsioak azaroko urte arteko KPIarekin arabera eguneratu beharko dituzte. Monterok aurreratu duenez, igoera hori % 8,5ekoa izan liteke, eta horrek ahalegin handia eskatuko du.
Ogasun ministroak nabarmendu du gastu sozialak marka ezarriko duela datorren urtean. 266.179 milioi eurokoa izango da, PPren azken aurrekontuetan baino % 35,4 handiagoa. Hezkuntzarako diru sailaren gorakada, epe horretan bertan, % 62koa da (4.164 milioi); bekek eta ikasteko laguntzek, aldiz, % 68ko gorakada izango dute (2.474 milioi); osasunak % 145eko gorakada izan du (5.511 milioi euro).
"Sektore publikoa ez da oztopoa; enplegua sortzea ahalbidetzen diguten motorretakoa da", berretsi du Monterok. Pertsonal gastuak, 2023an, % 6,6 haziko dira, 20.502 milioi euroraino, kontuan izanik soldatak % 2,5 igo direla, eta % 3,5 ere igo litezkeela. Puntu horretan, ministroak CC. OO. eta UGT sindikatuak aipatu ditu, itxitako akordioagatik eskerrak ematea helburu.
Ogasun ministro espainiarrak azpimarratu du diruaren % 60 gastu sozialera bideratuko dutela, 266.719 milioi euro: "Diru sail hori beti izan da txikiagoa, oraingoan baino".
Kontu publikoak datorren astean iritsiko dira Diputatuen Kongresura, ziur aski. Egun horretan, Espainiako Gobernuak "liburu horia" aurkeztuko du, eta, halaber, genero txostena, Garapen Jasangarriko Helburuen gaineko txostena, haurtzaro, nerabezaro eta familiaren gaineko txostena, eta gaztediaren gaineko separata bat.
Zure interesekoa izan daiteke
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.