Urte arteko inflazioa % 6,9ra jaitsi da EAEn, eta % 8,4ra, Nafarroan, urrian
Urte arteko Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) beheranzko joerarekin jarraitzen du, % 6,9an kokatu baitzen urrian Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 8,4an Nafarroan, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) gaur argitaratutako behin betiko datuen arabera. Irailean % 8,5ekoa eta % 9,8koa zen urte arteko tasa EAEn eta Nafarroan, eta, hortaz, 1,6 puntu eta 1,4 puntu egin du behera.
Inflazioak uztailean jo zuen goia, urte arteko tasa % 10,5ean eta % 11,4an kokatu baitzen, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Geroztik, hiru hilabetez jarraian behera egin du.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 5,5 eta % 6,5 garestitu dira EAEn eta Nafarroan. Irailetik urrira KPIa bi hamarren igo da eta bost hamarren, ostera, Nafarroan.
Urte arteko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 7,3ra jaitsi da urrian Estatu espainiarrean. Beraz, Espainiako Estatistika Institutuak aurreko hilabetearen amaieran aurreratutako datua mantendu du. Urtarriletik izandako zifrarik txikiena da, orduan KPIa % 6,1ekoa izan baitzen.
Azpiko inflazioa, —landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartu gabe kalkulatzen dena—, urte arteko inflazioa ez bezala, bere horretan mantendu da urrian, % 6,2an hain zuzen ere.
Azken urtean elektrizitatearen prezioak % 15,4 behera egin duelako jaitsi da hein handi batean urte arteko inflazioa hainbeste. Azken hilabetean, jaitsiera 22,5 puntukoa izan da eta urtarriletik urrira, 24,3 puntukoa.
Azken hilabetean produktu energetikoen prezioa % 4,9 jaitsi bada ere, elaboraziorik gabeko elikagaiak % 4 garestitu dira, eta erregaiak % 3,3. Azken urtean gehien garestitu diren produktuak erregaiak ( % 20,5) eta elaboraziorik gabeko elikagaiak ( % 15,3) izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke