Aldi baterako alokairuen araudi berria, uztailaren 1etik aurrera indarrean
2023ko etxebizitza legeak iraupen luzeko alokairuei jarri zizkien mugak, baina ez zituen zehaztu aldi baterako alokairuen kontratuek zer-nolako baldintzak bete behar zituzten. Denbora kontua zen, ordea, horri heltzea, eta iritsi egin da. Uztailaren 1etik aurrera, aldi baterako alokairuen lege berria sartuko da indarrean.
Alokairu mota horren eskaintza izugarri hazi da azken urtean, batez ere hiriguneetan eta eremu turistikoetan; izan ere, iraupen luzeko alokairu-kontratuekin alderatuz gero, errentagarriagoak dira. Horrek ekarri du epe luzeko alokairuen eskaintza nabarmen jaistea. Donostian, adibidez, "aldi baterako alokairua" dakarten iragarkiak online plataforma guztietan daude. Guztira, Gipuzkoako hiriburuan iragartzen diren etxebizitzen erdiak baino gehiago aldi baterako alokairukoak dira, eta horrek eragin zuzena du merkatuan.
Joera orokorra da, baina, eta arazo horren aurrean, Espainiako Gobernuak erabaki du esku hartzea eta arau-esparru berria ezartzea. Zertarako? Bada, gardentasuna aregotzeko, maizterrei babes gehiago emateko, jabe batzuek egin ohi dituzten gehiegikeriak ekiditeko eta iraupen luzeko alokairuko etxebizitzen eskaintza zabaltzeko.
Baina, zer dira aldi baterako alokairuak? Epe edo denboraldi mugatu baterako kontratuak dira, hilabete eta urtebete bitarteko iraupenekoak. Horrek bereizten ditu, hain justu, iraupen luzeko kontratuetatik. Ezin dira maizterren ohiko etxebizitzak izan, eta egiaztatu egin behar da aldi baterakoak direla. Ikasturte akademikoan dauden ikasleentzat, epe labur batez hiriz aldatu beharra izan duten langileentzat eta iraupen jakineko jarduera profesionalak egin behar dituztenentzat daude diseinatuta gisa horretako kontratuak.
Zer-nolako aldaketak ekarriko ditu lege berriak?
Egiaztatu behar da aldi baterako kontratua dela, hau da, behin-behinekotasuna frogatzeko arrazoiak (lana, ikasketak...) behar bezala argudiatu beharko dira. Era berean, maizterrak kontratua eten ahal izango du behin hilabete igarota, betiere 10 egun lehenago jakinarazten badu, eta inolako kalte-ordainik gabe, egonaldi luzeko alokairuetan gertatzen den bezala.
Kontratuen iraupenari dagokionez, berriz, ezingo da 9 hilabetetik gorakoa izan (hortik gora, ohiko etxebizitzaren alokairutzat hartuko da), eta, muga horren barruan, nahi den iraupena askatasunez hitzartu ahal izango da. Gainera, jabeak bere gain hartuko ditu etxeko konponketa txikien gastuak. Iraupen luzeko alokairuen kasuan, maizterrak egin behar izaten ditu konponketa mota horiek.
Berrikuntza digitala: leihatila bakarra
Araudi berriak beste berrikuntza bat ere ekarriko du. Etxejabeek, derrigorrez, beren aldi baterako etxebizitza errentamenduen leihatila digital bakarrean erregistratu beharko dituzte. Lehiatila bakarra horrelako etxebizitzak alokatu nahi dutenentzat izango da, hau da, zentralizatua egongo da, eta aldi baterako alokairurako eskainitako pisu guztiak kudeatuko ditu, hala nola langile eta ikasleei zuzendutakoak, turistei zuzendutakoak eta logelak. Etxebizitza guztiek erregistro-zenbakia izango dute, eta plataforma digital guztietan etxea (edo dena delakoa) datu berarekin agertu beharko da.
Neurri horrekin, agintariek gardentasun handiagoa bilatu nahi dute. Era berean, bai jabeek, bai maizterrek, segurtasun handiagoa izango dute transakzioak egiteko, eta erregistroa nahitaezkoa denez, zaildu egingo da etxebizitzak legez kanpo alokatzea. Eskakizunak ez betetzeak ondorio larriak ekarri diezazkio jabeari, zigor ekonomikoak, adibidez.
Autonomia erkidegoan aldi baterako alokairuari buruzko legerik badago, lege horrek lehentasuna izango du Espainiako Gobernuaren araudiaren aurrean.
Leire Alberdi abokatuak azaldu dizkigu lege berri honen xehetasun guztiak:
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako