Egun erabakigarria villavesen gatazkan: TCC enpresaren azken proposamena bozkatzen ari dira langileak
Bozketa goizean hasi da, eta gauerdia igarota amaituko da, azken txandakoek bozkatzen dutenean. Orduan jakingo da grebari eutsiko dioten ala ez.
Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Iruñeko eta Iruñerriko garraio-zerbitzu publikoa —villavesa izenez ezagunak— kudeatzen duen Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako langileek grebari eutsiko dioten edo ez gaur jakingo da. Zuzendaritzak atzo helarazitako azken proposamena bozkatzen ari dira beharginak, langileen batzordeak hala erabakita.
Goizeko 05:30ean zabaldu dituzte boto-kutxak, eta gauerdira arte egongo dira zabalik, azken lan-txandako beharginak bozkatu arte. Orduan jakingo da emaitza.
Gaur zen hastekoa greba, baina erreferenduma dela eta, egun bat atzeratu dute lanuzterako deialdia. Lan-baldintza hobeen alde, orain hilabete batzuk hasi ziren mobilizatzen villavesetako langileak. Iragarrita duten grebak sanferminetako garraio-zerbitzuei eragingo lieke, bete-betean.
Xehetasunik eman ez bazuen ere, Alberto Longas (UGT) langileen batzordearen presidenteak atzo aurreratu zuen hainbat hobekuntza daudela jasota enpresaren azken proposamenean.
Bere aldetik, TCCk ohar bidez jakinarazi zuen KPIaren araberako soldata igoera proposatu diela sindikatuei, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako. Neurri horrek urtebeteko (2024) atzeraeragina izango luke. Horrez gain, jai-egunetako ordainsariak handitzea ere eskaini diete.
Grebari eustea erabakiko balitz, Iruñeko Mankomunitateak aste honetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak % 60koak izango lirateke, eta sanferminetan, berriz, % 70ekoak.
Zure interesekoa izan daiteke
ELAk greba orokorra deituko du
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako