AHTaren Aralarko zulaketa-lanak “berehala” hasiko dira, Santanoren arabera
Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Estatu idazkariak azaldu du udalekin eta lurjabe partikularrekin egin beharreko elkarrizketak "elkarlan onean" egin direla. Zulaketen ondorengo txostenak "datorren urteko udaberrirako" egotea espero du.
Laster hasiko dira Aralar mendilerroan abiadura handiko trenarekin lotutako lagin hidrogeologikoak hartzeko zulaketak. AHTaren Ezkio-Itsaso eta Iruñea arteko zatia egiteko zulaketak ingurumenean nolako eragina izango duen zehaztuko da lagin horien bidez.
Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Estatu idazkariak egin du iragarpena, astearte honetan, Astigarragan (Gipuzkoa), geltoki berria eta Gipuzkoako aldirietako trenbide-sarearekin izango duen lotunea eraikitzeko hitzarmena sinatzeko ekitaldian. "Berehala hastea espero dugu; orain edo udaren ondoren izan daiteke", esan du.
Santanoren hitzetan, zulaketak egingo diren lurren jabeekin —udalekin zein jabe pribatuekin— elkarrizketak oso aurreratuta daude eta "lankidetza onean" egiten ari dira. Gaineratu duenez, guztiekin hitz egin dute eta "gauzak argi eta ordenatuta daude".
Zulaketa-lanen iraupenaz galdetuta, Estatu idazkariak esan du "hilabete batzuk" iraungo dutela. Azaldu duenez, batzuk sakonera handikoak dira, 300 metro ingurukoak.
Hala ere, onartu du "xehetasun askorik ematea saihestu” nahi dutela, “orain arte izan diren arazoak ekidin" nahi dituztelako.
Azkenik, lagin horien ondotik egin beharreko txosten teknikoak hurrengo urte hasierarako espero ditu. “Zulaketa-lanak aurten eta datorren urtearen hasieran egiten baditugu, urtearen lehen zatian" izatea espero du, "udaberrian, beharbada".