Irailean, langabezia-tasa % 2,02 jaitsi da EAEn, eta % 0,4, Nafarroan
2024ko iraileko datuen aldean, 1.027 langabe gutxiago (% 0,95) daude EAEn, eta 1.232 gutxiago (% 4,16), Nafarroan. Halaber, abuztutik irailera, Euskadiko Gizarte Segurantzan 11.475 lagun afiliatu dira; Nafarroan, aldiz, 719 pertsona gutxiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda.
Abuztuko datuekin alderatuta, irailean 2.200 langabe gutxiago (% 2,02) zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 10 gutxiago Nafarroan (% 0,04), Lanbidek eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera.
2024ko iraileko datuen aldean, 1.027 langabe gutxiago (% 0,95) daude EAEn, eta Nafarroan, 1.232 gutxiago (% 4,16).
EAEn langabezia gehien jaitsi den lurraldea Gipuzkoa izan da, % 3,43 (1.006 pertsona gutxiago), Bizkaiaren aurretik, % 1,81 (1.110 gutxiago). Aitzitik, Araban 84 langabe (% 0,46) gehiago zenbatu dituzte.
Iazko irailarekin alderatuta, Bizkaian % 1,75 jaitsi da langabezia (1.072 pertsona), eta % 0,41, Gipuzkoan (117 pertsona). Araban urterik urterako bilakaera ere negatiboa izan da, izan ere, 162 pertsona gehiago daude (% 0,89) lanik gabe.
Espainiako Estatuan, % 0,20 egin du behera langabeziak, aurreko hilabetean baino 4.846 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe. Azken urtebetean langabezia % 5,97 jaitsi da, iazko urrian baino 153.620 langabe gutxiago daude Espainiako enplegu bulegoetan izena emanda. Guztira, 2.421.665 lagun daude lanik gabe.
Afiliazio datuak
Euskadiko Guzarte Segurantzan, abuztuko datuekin alderatuta, 11.475 lagun gehiago daude afiliatuta irailean, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera. Abuztuan, 16.505 afiliatu galdu zituen. Gauzak horrela, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua milioi bat pertsonatik gorakoa da oraindik ere EAEn: 1.018.270 pertsona.
Bestalde, 719 afiliatu (% 0,23) galdu ditu Nafarroako Gizarte Segurantzak. Gauzak horrela, guztira, 314.365 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan.
Zure interesekoa izan daiteke