EAEko langabezia tasa % 6,8ra igo da hirugarren hiruhilekoan, 12.500 langabe gehiago zenbatuta
Azken urtean, landunen kopuruak gora egin du (8.400 landun gehiago), eta langabezia tasa % 7,2tik % 6,8ra murriztu da.
Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa % 6,8koa izan da aurtengo hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 1,1 puntu handiagoa (12.500 langabe gehiago), Eustat Euskal Estatistika Institutuak bildutako datuen arabera.
Landunen kopuruak behera egin du (4.100 landun gutxiago), eta jarduera-tasa (16 urteko eta gehiagoko biztanleak kontuan hartuta) hiru hamarren igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 56,3koa baita.
Hori horrela, 73.600 langabe eta 1.010.400 landun daude.
Aurreko hiruhileko datuekin alderatuta, langabeziak gora egin du gizonen eta emakumeen artean. Gizonezko langabeen tasa puntu bat igo da, % 6,3ra, eta emakumeena, 1,2 puntu, % 7,3ra. Gazteen (16-24 urte) langabezia tasa, berriz, % 14ra igo da, 1,6 puntu gora eginda.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, eta azken hiruhileko datuekin alderatuta, langabezia tasa 1,2 puntu igo da Bizkaian, % 7,9raino, 0,6 puntuko igoera izan du Gipuzkoan, % 4,7raino, eta % 7,5ekoa izan da Araban, aurreko hiruhilekoan baino 1,9 puntu handiagoa.
Gipuzkoak du okupazio tasa altuena (% 72,7), eta Araba (% 71,9) eta Bizkaia (% 70) daude ondoren.
Sektoreka, landunen kopuruak behera egin du zerbitzuen sektorean (% 0,5) eta eraikuntzan (% 2,3), eta gora egin du lehen sektorean (% 6,5) eta industrian (% 0,1).