EBk eta Mercosurrek merkataritza akordio historikoa sinatuko dute gaur, baina akordioa berresteko prozesua gogorra izango da
Munduko merkataritza libreko eremu handienetako bat sortuko da, 700 milioi pertsonari eragingo diena.
EBren eta Mercosurren arteko akordioa. Argazkia: EFE
Europar Batasunak eta Mercosur osatzen duten herrialdeek larunbat honetan sinatuko dute merkataritza libreko akordioa. Bi eskualdeek ia 26 urteko negoziazio aldia amaitu dute akordio horrekin, eta harremanetarako esparru berri bat ezarri dute. Europako nekazariak eta EBko dozena erdi bat estatu akordioaren kontra egonik, ituna berresteko prozesua gogorra izango da, aurreikuspenen arabera.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea Maros Sefcovic Merkataritzako komisarioarekin batera izango dira Europar Batasunaren ordezkariak Asuncionen, Paraguaiko hiriburuan, egingo den sinadura ekitaldian.
Ekitaldia 13:15ean hasiko da (Euskal Herrian 17:15 direnean) Paraguaiko Banku Zentraleko Jose Asuncion Flores Antzoki Handian, eta bertan izango dira , besteak beste, Paraguaiko presidente Santiago Peña, Uruguaiko presidente Yamandu Orsi eta Argentinako presidente Javier Milei. Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea ez da bertan izango, agenda arrazoiengatik; izan ere, presidenteak barik Kanpo Gaietarako ministroak joan behar zirela esan zuten hasiera batean.
"Europar Batasunak eta Mercosurrek historia egingo dute munduko merkataritza libreko gune handienetako bat sortzean", esan du bezperan Lula da Silvak, Rio de Janeiron emandako prentsaurrekoan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko burua aldamenean zuela.
Mende laurdeneko "sufrimenduak eta ahaleginak" izan ostean, bi eskualdeek elkarte berri bat sortu dute, "multilateralismoan oinarrituta", adierazi du agintari brasildarrak, eta nabarmendu du sinatzaileek berretsi egiten dutela Nazio Batuen eta Munduko Merkataritza Erakundearen nazioarteko itun guztien "erabateko errespetua".
Mercosur
EB-Mercosur akordioa, indarrean: Zer da eta zergatik ekarri du polemika hainbat sektoretan?
EB-Mercosur akordioaren parte komertziala indarrean sartu da, behin-behinean, maiatzaren 1ean, 25 urteko negoziazioen ostean.
Behin betiko onarpena
Sinatu ostean, EBren eskumen esklusiboko eremu komertziala behin-behinean jarriko da indarrean Mercosurreko herrialderen batek berresten duenean, Europako Parlamentuaren baimenaren zain egon gabe: izan ere, Euroganberak oraindik ez du botoa emateko egunik zehaztu, eta bertako taldeek zatituta ekingo diote bozketari, interes nazionalak alderdien gainetik jarriz.
Europako nekazaritzako elikagaien sektorearen kritika gogorrek eta ituna EBko Justizia Auzitegira eramateko mehatxuak zaildu egingo dute prozesua. Hori dela eta, Brusela zuhur agertu da, eta ez du argitu behin-behinean indarrean sartzea aurreikusten duen edo Europako Parlamentuaren baimenaren zain egongo den.
Europako Parlamentuaren osoko bilkurak akordio osoa onartu edo atzera bota dezake, baina ezin du zuzenketarik egin. Datorren asteko osoko bilkuran akordioa EBko Justizia Auzitegiaren aurrean salatu edo ez eztabaidatuko da.
27 estatuek barne mailan eman beharko diote akordioari oniritzia behin betiko indarrean jartzeko. Kontuan izanda itunari bidea emateko baimena 27 kideetako 21ek eman zutela (Frantzia, Hungaria, Polonia, Irlanda eta Austria aurka agertu ziren, eta Belgika abstenitu egin zen), ibilbide korapilatsua izango du.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela