Confebaskek txalotu egin du gutxieneko soldataren inguruko epaia, "bere egitekoa bete" duela erakusten duelako
Ohar batean, patronalak nabarmendu du hasieratik erabili duen argudioa ontzat eman duela epaileak. Hau da, lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko negoziazioa Jaurlaritzaren eskumena dela.
Euskal Enpresaren Konfederakuntzak (Confebask) txalotu egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ELAk eta LABek patronalaren aurka Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioagatik jarritako salaketa atzera bota izana.
Ohar batean, Confebaskek azpimarratu du gutxieneko soldata ez negoziatzeko patronalak hasieratik mahai gainean jarritako argudioa ontzat eman duela Auzitegiak: "Jaurlaritzaren eskumen esklusiboa" da LGS propioa negoziatzea eta "patronalak legez ezin du" gai hori negoziatu ELA eta LAB sindikatuekin. Horrenbestez, Confebaskek bere egitekoa bete du.
Ebazpenean, EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak iritzi dio patronalaren jarrera justifikatuta dagoela, gai hori ezin duelako zentralekin negoziatu.
ELAk eta LABek jada iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela. Esan dutenez, epaiak gutxieneko soldata baten negoziazioa bermatzen du eta Confebask negoziatzera behartu beharko luke.
Gutxieneko soldata
ELAk eta LABek helegitea jarriko diote EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari eta gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioa areagotuko dute
Epaiak gutxieneko soldata baten negoziazioa bermatzen duela eta Confebask negoziatzera behartu beharko lukeela defendatzen dute.