Honela banatzen da ostatu turistikoaren eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren azken datuaren arabera, gaur egun 88.604 turismo-plaza daude, ia erdia Bizkaian. EAEko 19 udalerritan 750 ostatu-plaza baino gehiago daude.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek foru arau baten aurreproiektu bat argitaratu dute ostegun honetan, hiru lurralde historikoetan pertsona eta eguneko 7,5 eurorainoko turismo-zerga bat abian jartzeko. Helburua da zerga berria uda honetan indarrean jartzea, eta establezimenduek kobratuko dute.
Establezimendu motaren arabera, zenbatekoak 0,75 eta 5 euro artekoak izango dira. Kopuru horri, ordenantza fiskal bidez, % 50erainoko errekargua gehitu ahal izango diote udalek, udalerrian 750 ostatu-plaza edo gehiago badaude. Eta plaza-kopurua 25 edo gutxiago bada, udalek % 100erainoko hobaria ezarri ahal izango dute.
Baina, zenbat ostatu-plaza daude EAEn? Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren azken datuaren arabera, gaur egun 88.604 plaza daude, ia erdiak Bizkaian (40.554), ondoren Gipuzkoan (37.255) eta azkenik Araban (10.795).