Bizkaiko Foru Aldundiak 1.806 milioi euroko aurrekontuak proposatu ditu, erdia Gizarte Ekintzara bideratzeko
2026koekin alderatuta, % 5 igo dituzte aurrekontuak. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera, lurraldea "indartsu dago, etxeko lanak eginda ditu eta inoiz baino enplegu gehiago dauka".
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak 2027ko aurrekontuen proposamena aurkeztu du gaur, ostirala. Guztira 1.806,7 milioi euro kudeatzea aurreikusi dute, 2026an baino 789,8 milioi gehiago; hau da, aurreko ekitaldian baino % 5 gehiago. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, “zalantzazko testuinguru global baten aurrean, Bizkaiak etxeko lanak eginda ditu: indartsu dago, ehun ekonomiko aktibo eta lehiakorra dauka, inoiz baino enplegu gehiago daude eta bere erakundeek kontuak osasuntsu dituzte”.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatua arduratu dira aurkezteaz. Etxanobek adierazi duenez, gehiena babes eta kohesio soziala, jarduera ekonomikoa eta enplegua, garraio publikoa eta lurralde-kohesioa indartzeko erabiliko dute.
Aldundiak 1.806 milioi kudeatuko baditu ere, orotara, 12.110 milioi euroko aurrekontuak aurkeztu dituzte; izan ere, bertan jasota daude, besteak beste, gainerako erakundeei finantzatu beharreko dirua: 7.648 milioi Eusko Jaurlaritzari, 1.337 milioi udalei eta 761 milioi Espainiako Estatuari.
Gizarte Ekintza eta hobekuntzak garraio publikoan
Aurrekontu-proiektuko hainbat kapitulutan jarri du arreta Etxanobek. Besteak beste, garraio publikoa hobetzeko jarriko dituen baliabideetan. Hala, Bizkaibus zerbitzua indartu nahi dute, metroko unitateak berritu eta 4. linea garatu, eta baita itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua bultzatu ere.
Horrez gain, azpimarra jarri du Kontzertu Ekonomikoa ezagutzera emateko kanpaina batean eta Loiuko orube bat egokitzeko lanetan, bertan etxebizitzak eraikitze aldera.
Etxanobek nabarmendu duenez, aurrekontuen “ia erdia” (% 46 ) Gizarte Ekintza Sailak kudeatuko du, iaz baino 47 milioi gehiago kudeatuko baititu; bigarren Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila dago, 257 milioi kudeatuko baititu, eta ondoren Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila, 231 milioi izango baititu erabilgarri.
Etxanoberen azken aurrekontuak
Etxanobek aurkeztutako azken aurrekontuak izango dira 2027koak, uko egin baitio EAJren barne-prozesuan aurrera jarraitzeari, Ibone Bengoetxearen mesedetan.
Etxanobek espero du aurrekontu hauek beste talde politiko batzuekin adostu ahal izatea, nahiz eta aurrekontu-negoziazioa Espainiako hauteskunde kanpainarekin batera izan. “Horrek ez luke gure ardura desitxuratu beharko”, esan du. Azaroaren 4an hasiko dute Batzar Nagusiek aurrekontuen tramitazioa.