Oroz:'Okelaren kontsumoa OMEk aipatutakoa baino txikiagoa da Euskadin'
Osasunaren Mundu Erakundeak haragi kontsumoari buruz aste honetan emandako datuetatik urrun dago Euskal Autonomia Erkidegoa, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburu ordearen arabera.
Aste honetan aipaturiko erakundeak adierazi du egunean 100 gramo haragi gorri eta 60 gramo haragi prozesatu jatea arriskutsua izan daitekeela osasunarentzat eta minbizia izateko arriskua areagotzen duela.
Ildo horretan, Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan egindako elkarrizketan Bittor Orozek esan du okelaren kontsumoa kopuru horietatik behera dagoela Euskadin; zehazki, batez beste, 68 gramo haragi gorri eta 34 gramo haragi prozesatu kontsumitzen dira egunean.
Halaber, azpimarratu du badituela beste onura batzuk eta haragia jaten jarraitu behar dela. "Denetik jan behar da eta ona", azaldu du.
Dena den, adierazi du oraindik ez dutela Osasunaren Mundu Erakundearen ikerketa zehaztasunez argitaratu eta orduan "arduraz" aztertu beharko dela. "Guk orain arteko gomendioak ematen jarraituko dugu", gaineratu du.