Riadeko enbaxadan gose greban zegoen laudioarrak protesta utzi du
Juan Ramon Martin Menoyo Riadeko enbaxadako (Saudi Arabia) langile eta Laudioko gizasemeak maiatzaren 4an abiatutako gose greba bertan behera utzi du, jan barik 32 egun igaro ostean. Espainiako Atzerri zerbitzuan erreforma "sakona" galdegiteko abiatu zuen baraualdia Martin Menoyok, eta enbaxada eta enparauetan atzemandako "irregulartasun eta botere gehiegikeriak" salatu ditu.
Youtuben ekainaren 6an argitaratutako bideo batean azaltzen duenez, "borrokan jarraitzeko nahikoa indar" baditu ere, bere helburuak "bete" dituela uste du arabarrak. Nabarmendu duenez, Atzerri zerbitzuko egoera aldatzeko "ibilbide luzeko borroka" behar da.
Martin Menoyoren hitzetan, jaso ditzakeen "estalitako mehatxuak gorabehera, borrokan" jarraituko du, "atzera bueltarik ez" duelako. Likidoak bakarrik ahoratzen egon den denbora honetan "Atzerri zerbitzuaren langileriak kontzientzia hartu" duela ikusi du, eta funtzionario askok irregulartasunak "izen eta abizenekin" salatu dituztela gaineratu. Txanponaren beste aldean, alderdi politikoen jarrera aipatu du. Kritikatu duenez, protestari emandako babesa ez da nahikoa izan, eta zenbait kasutan, aferaren aurrean "entzungor" azaldu dira.
Hilabete honetan jasotako babesa eskertuz eta "justizia, duintasuna eta legeari errespetua bezalako printzipio unibertsalak" aldarrikatuz amaitu du bideoa laudioarrak. Nabarmendu duenez, Change.org plataforman abiatutako sinadura bilketak indarrean jarraituko du, beste Atzerri zerbitzu bat eskatuz, betiere.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean