Garraio jasangarria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Udalak irailean erabakiko du Bilbon sartzeagatik ordainsaria kobratu ala ez

Bidaiari bakarra daramaten auto pribatuei hirian sartzeagatik ordainsaria kobratzea aztertzen ari da Udala.
bilbo-airetik-eitb_
bilbo-airetik-eitb_

Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, udal-gobernuak irailean erabakiko du bidaiari bakarra daramaten auto pribatuei ordainsaria kobratu ala ez.

Egunero, goizeko 07:00ak eta 09:00ak bitartean, 20.000 auto inguru sartzen dira hirian, horietako % 80 bidaiari bakarrarekin.

Irailean neurri hori ezartzea erabakiko balute ere, ez lukete berehala indarrean jarriko.

Gilek azpimarratu du neurri horren helburua Bilbora autoz etortzen diren herritarrak garraio publikoa erabiltzera bultzatzea dela, "eta ez dirua biltzea".

Horrez gain, zinegotziak gogoratu du mugikortasunari lotutako plan oso bat lantzen ari direla eta hirian sartzeagatik ordainsaria kobratzearena neurri bat baino ez dela.

Egitasmoak 51 neurri biltzen ditu eta guztiak eztabaidatzen ari dira udal-talde ezberdinen artean. Beraz, behin betiko neurririk ez dagoela nabarmendu du.

Hiriko kaleetan 30 kilometro orduko abiadura muga ezartzea ere aztertzen ari dira. Kasu honetan alderdi guztiak ados daudela iragarri du eta 2018ko urtarrilean indarrean egongo denaren itxaropena agertu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X