Gasteizko hilketa bikoitzaren ustezko egilea espetxean sartu dute
Joan den ostiralean bikotekide ohia eta haren ama hiltzea leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa behin-behinean espetxera bidali du epaileak. Gainera, bi seme-alabekin harremanetan jartzea edo haiengana hurbiltzea galarazi dio.
Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako auzietarako Gasteizko lehen epaitegiak aginduta, arratsalde honetan Zaballako espetxean sartu dute ustezko hiltzailea. Homizidio delituak, ondasunak kaltetzea eta sua piztu izana egotzi dizkiote.
Gizonezkoa goizean eraman dute Gasteizko Zaintza Auzitegira eta handik emakumeen kontrako indarkeria lotutako delituei buruzko epaitegira bideratu dute.
Gertakariak ostiralean jazo ziren. Gizonezkoa bikotekide ohia –hilabete batzuk lehenago banandu ziren- eta haren ama hil zituen labankadaz. Krimena emazte ohiaren etxebizitzan gauzatu zuten, Lakua-Arriaga auzoan.
Bi emakumezkoak hil ostean, erasotzaileak etxeari su eman zion eta leihotik behera salto egin zuen. Ordurako suhiltzaileek koltxoneta handi bat jarrita zuten, kolpea saihesteko.
Lehendabizi han artatu zuten, baina gero Santiago Ospitalera eraman zuten. Zauri arinak zituela eta, larunbatean alta eman zioten eta, atxilotuta, Ertzaintzaren komisaldegira eraman zuten.
Igandean, berriro eraman zuten erietxera zenbait froga egiteko, jateari eta edateari uko egiten ziolako. Medikuek, baina, bere osasun-egoera ona zela berretsi zuten eta, ondorioz, polizia-etxera eraman zuten. Ertzainen galderak erantzuteari uko egin zion.
Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera, deklaratzera. Epaileak autoan dio leporatzen zaizkion delituen "larritasuna" ikusita gizonezkoa behin-behinean kartzelan sartzeko agindua ematea erabaki duela. Homizidio delitu bakoitzagatik 15 urteko zigorra ezar diezaiokete.
Horrez gain, emazte ohiaren etxean kalteak eragitea eta etxeari su emanda auzokideen bizitza arriskuan jarri izana egotzi diote.
Bestalde, biktimaren bi haur adingabeak babesteko neurriak hartu ditu epaileak. Atxilotua ezingo da haiekin harremanetan jarri, ezta haiengana hurbildu ere, ama eta amonaren hilketak "kalte psikologiko handiak" eragin dizkielako.
Epaia ez da irmoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak Realaren, Alavesen eta Celtaren 20 zale "erradikal" inguru identifikatu ditu Donostian
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zauritu zituzten
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian