Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tenerifen hilik topatu zuten emakumea bikotekideak hil zuen

Autopsiaren aurretiazko txostenaren arabera, emakumea itota hil zen; eta 3 eta 5 urteko alabak itolarriaren asfixiaz.
Emakumea hilik aurkitu zuten astelehenean, bi alabekin batera. Argazkia: EFE
Emakumea hilik aurkitu zuten astelehenean, bi alabekin batera. Argazkia: EFE

La Orotavan (Tenerife), bi alabekin batera astelehenean hilik topatu zuten emakumea bikotekideak hil zuen, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak baieztatu duenez. Bikotekidea ere hilik aurkitu zuten, urkaturik, hain zuzen ere.

Hilketa “irmo” gaitzetsi eta “atsekabea” azaldu du Kanariar Uharteetako Gobernuak agiri batean. Bestalde, bi neskatoen heriotza oraindik ikertzen ari dira.

Jose Miguel Barragan Berdintasun kontseilariak familiari elkartasuna adierazi dio. Era berean, indarkeria matxistaren biktima guztiei Kanarietako Exekutiboaren babesa berretsi nahi izan die Barraganek.

Santa Cruzeko Auzitegi-medikuntza Institutuak gorpuei autopsia egin die. Aurretiazko txostenaren arabera, emakumea itota hil zen; eta 3 eta 5 urteko alabak itolarriaren asfixiaz, Kanarietako Auzitegi Nagusiko iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

45 urteko senarra eta bi neskatoen aita urkaturik hil zela baieztatu du autopsiak. Era berean, heriotzak larunbatean gertatu zirela zehaztu du txostenak, nahiz eta gorpuak astelehen goizean aurkitu.

Autopsiaren azken txostena hilabete eta erdi barru jakinaraziko dutela erantsi dute Kanarietako Auzitegi Nagusiko iturriek. Laborategiko analisi toxikologikoak falta direla gogorarazi dute, biktimetan lasaigarrien presentzia baztertu edo baieztatzeko.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X