Atxuriko geltokia itxiko dute astelehenean, 127 urte martxan egon ondoren
Irailaren 9tik aurrera, Euskotren konpainiako trenak Bilboko metroaren 3. lineatik ibiltzen hasiko dira, eta, ondorioz, Bilboko Atxuri auzoko tren geltokia astelehenean bertan itxiko dute, 127 urte martxan egon ondoren.
Euskotrenek ostegun honetan jakitera eman duenez, datorren astelehenean neguko ordutegia indarrean sartuko da bere trenbide linea guztietan; Usansoloko Ospitalera eta Zamudioko Teknologia-parkera doazen autobuseko anezkak barne.
Iazko ordutegiekin alderatuta, berrikuntza nagusia Bilbo-Bermeo (E4) lineako ibilbidea aldatzea da, izan ere, astelehenetik aurrera, trenak Matiko geltokiraino sartuko dira Bilboko metroaren 3. linearen bidez (Euskotrenek kudeatzen duena).
Aldaketa horrek Bilboko erdigunearekiko komunikazioa hobetuko du eta metroaren beste bi lineekiko lotura erraztuko du. Testuinguru horretan, trenak Matikoraino iritsiko direnez, Atxuriko eta Boluetako tren geltokiak itxiko dituzte.
Manuel Maria Smith arkitektoak 1912an eraiki zuen gaur egungo geltokia, 1882ko lehenbiziko tren geltokia txikiegi geratu ondoren.
Euskotrenek azaldu duenez, datorren astelehenetik aurrera ibilbidea aldatuko bada ere, Bilbo-Bermeo (E4) linean trenen maiztasunak aurreko neguan bezala jarraituko du, eta tren batzuen ordutegian aldaketa txiki bat bakarrik egongo da. Hala, errefortzu bakarra egongo da goizean, 06:58ean, Gernikatik Matikora joateko.
Tren konpainia horren arabera, gainerako lineetan (E1 Matiko-Amara, E2 Lasarte-Hendaia, E3 Lezama-Kukullaga/Etxebarri eta L3 Matiko-Kukullaga/Etxebarri) ere ez da aldaketa nabarmenik izango iazko neguko ordutegiarekin alderatuta.