'Bortxatzaile bat zure bidean' performancea abenduaren 19an egingo dute Bilbon
'Bortxatzaile bat zure bidean' emakumeenganako indarkeriaren aurkako performancea abenduaren 19an egingo dute Bilbon, 19:00etan, Udaletxearen aurrean, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Astearte honetan, hilaren 3an, 19an egingo duten ekintzaren lehen entsegua egin dute, Karmela zentroan (Santutxun dago, Bilbon). Bertan, 300 bat emakume bildu dira; antolatzaileek 40-50 egotea espero zuten. Hurrengo entsegua hilaren 10ean egingo dute, asteartearekin, Karmelan ere.
'Bortxatzaile bat zure bidean' 'Las Tesis' talde txiletarrak bultzatutako performancea da; lehen aldiz azaroaren 20an egin zuten, duela bi aste bakarrik, eta oso azkar ari da hedatzen mundu osoan. Ondorengo hiri eta herrialdeetan egin dute ekintza, dagoeneko: Parisen, Madrilen, Bartzelonan, Alemanian, Suitzan eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan. Donostian eta Iruñean ere egingo dute, baina oraindik ez dago zehaztuta noiz.
Ekintza egiten duten tokiaren testuingurua kontuan izanik, performancearen hitzak eta dantza egokitzen dituzte; Bilbon, adibidez, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute. Emakumeenganako indarkeriako kasu baten aurrean, performanceak horren erruduna nor den nabarmentzen du; antolatzaileek salatzen dutenez, askotan kontrakoa gertatzen da.
Ondorengo entseguetako daten eta orduen berri izateko, Bilboko ekintzaren antolatzaileek eskatu diete emakume guztiei jarraitzeko Ecuador Etxeak sare sozialetan dituen profilei.