Astelehenean irekiko dute 2020-2021rako aurrematrikula Haur Hezkuntza, LH eta DBHrako
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak urtarrilaren 27an, astelehenarekin, zabalduko du 2020-2021 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Euskadiko 703 ikastetxetan. Epea otsailaren 7ra arte izango da irekita; hori bai, aurrematrikula online egitekotan, azken eguna otsailaren 6a izango da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin, asteazken honetan aurkeztu du Donostian kanpaina, "Zatoz gurera!" goiburuarekin (gaztelaniaz, "¡Ven a nuestra escuela!" erabiliko dute).
Datorren ikasturterako aurrematrikula ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.euskadi.eus/hezkuntza helbidean. Bigarren bide hori aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 6a izango da, egun bat lehenago. Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazio praktikoa eskainiko diela familiei; hala nola, ikastetxeen bilatzaile bat egongo da, eta horrek familiari ikastetxe bakoitzean hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakutsiko ditu.
Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 703 ikastetxe (horietatik 453 publikoak, % 64a). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek 541 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 332 publikoak, hots, % 61a), eta 542 ikastetxe daude Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, % 61,5a). Bestetik, Lehen Hezkuntza 536 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (331 dira publikoak); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, aldiz, 329k eskainiko dute.
Familia ugariek ez dute egiaztatu beharko
Aurkezpenean Uriartek azaldu duenez, aurten onarpen-prozesuak aldaketa gutxi ditu, iazkoarekin alderatuta, orduan izan baitziren aldaketarik esanguratsuenak. Hala ere, familia ugariei eragiten dien berrikuntza bat aipatu du: 2020-2021 ikasturterako onarpen-prozesu horretan, familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko, Hezkuntza Saila arduratuko baita egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei tramiteak erraztea bilatzen duen neurria da.
Dena den, Uriarte sailburuak gogora ekarri ditu iaz indarrean sartu ziren aldaketa nagusietako batzuk, aurten ere indarrean jarraitzen baitute; eskaeran, familiek 12na ikastetxe hauta ditzakete gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran.
Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak zerrenda osoa egingo du jasotako eskaera guztiekin, lehentasunen hurrenkerari erreparatu gabe, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik, gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek bermea izango dute: puntu gutxiago dituen familiarik ez da lehenago sartuko eskatutako eskolara. Sistemak aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera.
Aurreko ikasturtean, familien % 97k lehen aukeratzat markatutako ikastetxean eskuratu zuen plaza.
Familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion eta aurten ere indarrean jarraitzen duen beste neurri bat honako hau da: ez da beharrezkoa izango sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hori horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute.
Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, aldiz, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.
Informazio- eta orientazio-puntuak
Hezkuntza Sailak, halaber, informazio- eta orientazio-puntuen aldeko apustua egiten jarraitzen du, udalekin lankidetzan. 13 informazio-puntu dira Gasteizen (gizarte etxeetan dauden bulego guztiak, San Martin eta San Antonioko bulegoez gain) eta ondorengo lekuetan ere izango dira: Oionen, Laudion, Agurainen, Bilbon (barrutiko 8 bulegoetan), Lekeition, Barakaldon eta Arrasaten. Informazio-puntu horiek guztiak iaz Lurralde Ordezkaritzetan abian jarritako Eskolatze Bulegoekin koordinatuko dira. Puntu horien helburua da Euskal Hezkuntza Sistemak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio osoa herritarrei hurbiltzea, baita familiei matrikula tramitatzeko prozesuari buruzko orientazioa ematea ere.
Esan bezala, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da irekita epea eskabideak eta agiriak aurkezteko (online eginez gero, azken eguna otsailaren 6a izango da). Otsailaren 25ean, eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira, eta martxoaren 17an behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte. Martxoaren 25era arte, erreklamazioak egiteko epea izango da indarrean, eta martxoaren 31n behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea apirilaren 30era arte izango da zabalik.
Zure interesekoa izan daiteke
Iaz baino sagar gutxiago bilduko dira aurten, baina indar handia dakarte sagardorako
Sagar uztaren aurkezpena egin dute Villabonako Otalarre sagastian; izan ere, lehortea dela eta ohi baino lehenago hasi dira batzen aurten sagar uzta. Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak adierazi duenez, iazkoarekin alderatuta, % 60 murriztu da bildutakoa. Guztira, milioi bat eta erdi kilo jasotzea aurreikusi dute. Usain eta gustu handia izango dutenez sagarrek, sagardoak alkohol gehiago izango du.
Hondarribiko jaietan gertatutako hiru eraso matxista salatu ditu Udalak, eta gizon bat atxilotu dute
Udalak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak “irmo” gaitzetsi ditu. Bestalde, Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du irailaren 10ean emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du euskal administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak memoria ekonomikoan dauden gabeziengatik baliogabetu du Voxek errekurritu zuen araua.
Ehun bat ikuskapen egin dituzte uda honetan EAEko udalekuetan
Eusko Jaurlaritzak hiru ikuskatzaile-plaza sortu zituen, Bernedoko udalekuetan adingabeen sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituak salatu ondoren.
Lukas Aguirreren hilketagatik zigor handiena duenak helegitea aurkeztu du, homizidio delitu gisa epaitu dadin
Defentsak Auzitegiari eskatu dio 20 urteko zigorra murriztu dezala, argudiatuz hilketa borroka batean jazo zela eta akusatuak politoxikomaniaren muturreko koadro bat zuela. Donostiako erdiguneko diskoteka baten kanpoaldean gertatu zen, 2022ko abenduaren 25eko goizaldean
Pisako emaitzak hobetzeko autoexijentzia eta Hezkuntza Sistemarekiko konfiantzaren alde egin du Pedrosak
Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasleen irakurketa gaitasuna hobetzeko neurriak ezartzen ari dira ikastetxeetan, PISA txostenaren emaitza txarren ondorioz.
Nafarroako bizilagun bat identifikatu dute Internet bidez debekatutako armak saltzeagatik
Guardia Zibilak webgunea behin-behinean blokeatu du, eta titularra administrazio-zehapena jartzeko proposatu du.
Bonelli arranoa itzuli da: bi kume jaio dira eta itxaropena berpiztu da Nafarroan
Urteetan, Bonelli arranoa desagertzeko zorian egon da Araban eta Nafarroan. Ale berriak ekarri dituzte eta bertakoekin ugaldu dira. Kumeak izan dituzte, bi, Nafarroan: Ida eta Ondallu.
Eusko Jaurlaritzak euskara babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzeko prozesuari ekin dio
Ekimen horren bidez, euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa" eman nahi dio.
Berriro itzali dute Derion, Loiuko aireportutik gertu, berpiztu zen sutea
Sua astelehenean piztu zen San Isidro auzoko baso-eremu batean. Suhiltzaileek sugarrak erabat itzaltzea lortu zuten arren, sua berriro piztu zen eta lanean jardun dira goizaldera arte.