Euskal Herriko hezkuntza zentro guztien itxiera agindu dute
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak haur-eskolak, ikastetxeak eta unibertsitateak ixteko agindua eman dute, koronabirusaren hedapena galarazteko asmoz. Neurria gutxienez hamabost egunetan egongo da indarrean.
Arabako eta Balmasedako eskolak asteazkenetik daude itxita. Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ostiral honetan itxi dituzte. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian datorren astelehenean etengo dituzte eskolak.
Nekana Murga eta Cristina Uriarte Osasun eta Hezkuntza sailburuak, hurrenez hurren, hedabideen aurrean agertu ziren atzo, neurriaren inguruko xehetasunak emateko.
Koronabirusak EAEn utzitako azken datuak emanez hasi zuen bere agerraldia Murgak; orotara, 346 dira COVID-19 gaitzak kutsatutakoak: 259 Araban, 71 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan. Hildakoak, berriz, 11 dira dagoeneko.
Eskolak ixteko arrazoi nagusia, Osasun arduradunaren hitzetan, "koronabirusaren transmisioa galaraztea" da, eta erabakia "adituen aholkuei jarraituta" hartu dutela gaineratu zuen. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zentroei, Lanbide Heziketako ikastetxeei eta unibertsitateei eragingo die neurriak. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera geratuko dira.
Aurreko egunotan iragarritako eusteko neurri guztiak ere bere horretan mantenduko dituztela adierazi zuen Murgak, eta "ardura eta lankidetza" eskatu die herritarrei. "Neuri hauek guztiak garrantzitsuak dira, baina bakoitzak bere egunerokoan Osasun Sailaren aholkuak kontuan izatea ere ezinbestekoa da", gaineratu zuen.
Uriartek, bere aldetik, azpimarratu zuen eskolak bertan behera uztea ez dela "eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar". "Aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari euts diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da", zehaztu zuen.
Ikasle guztiei "ahal den neurrian" taldeko jarduerak egiten diren "esparru itxiak" saihesteko eskatu diete, "nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin dezaketen".
Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, gaiari buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko. "Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du", esan zuen Hezkuntza sailburuak.
Nafarroan ere, itxita
Koronabirusak eragindako infekzio kasuek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan eta 92 gaixora igo dira, horietatik 16 ospitaleratuta; horietako hiru ZIUn daude, eta, ondorioz, Foru Gobernuak ikastetxe guztiak ixteko agindua eman du.
Horrela, haur eskoletatik eta haurtzaindegietatik hasita unibertsitateetara itxiko dituzte, gutxienez bi astez eta astelehenetik aurrera, baina gaurtik egitea gomendatzen dute.
Gainera, Nafarroako Unibertsitateak nazioarteko ikasleei haien jatorrizko herrialdeetara itzultzeko aukera ematea adostu du.
Egun, Iruñeko campusean beste herrialde batzuetako 2.400 ikaslek ikasten dute.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldia egin zuen atzo kontseilari guztiak aldamenean zituela, eta esan zuen birusa "oso azkar ez zabaltzea" dela helburua, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta.
"Garrantzitsua da zerbitzu publikoak zentzuz erabiltzea beharrezkoak ez diren saturazioak" saihesteko, adierazi zuen Chivitek, "birusaren zabalkundea mantsotzen lagunduko duen urruntze soziala" defendatu aurretik.
Presidenteak azpimarratu zuen neurri murriztaileagorik ez duela hartu nahi, baina ez duela baztertzen horietara jo behar izatea.
Nafarroako Gobernuak eragin ekonomikoa arintzeko neurriak ere hartuko ditu, eta horretarako dekretu bat onartuko du, herritarrak "kezkatuta" eta "beldurtuta" baitaude.
Chivitek aitortu zuen "testuinguru honetara egokitzea kosta" egingo zaiela, eta herritarrei "konpromisoa" eta "pazientzia" eskatu die, "egoera honetatik atera egingo baikara".
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herriko eskola eta unibertsitateek ateak itxiko dituzte astelehenetik aurrera koronabirusaren zabalkundea gelditzeko, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak atzo jakinarazi zuenez.
Frantziako presidenteak aitortu zuen "epidemiaren hasieran" daudela orain, eta "Estatuak azken mendean izan duen osasun krisi handiena" denez, "ahulenak babestea" dela "erabateko lehentasuna".
Covid-19ren zabalkundea gelditzeko eta ospitaleen kolapsoa saihesteko asmoz, Macronek iragarri zuen "astelehenetik aurrera haur-eskolak, eskolak eta unibertsitateak" itxita egongo direla, "haurrak eta gazteak direlako birusa azkarren zabaltzen dutenak, sintomarik izan ez arren".
Estatuak seme-alabak zaintzeko zerbitzua eskainiko die osasun alorrean ezinbesteko zerbitzua ematen duten langileei.
Telefonoak: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa)
SOS Deiak erakundeak eta Bizkaiko Suhiltzaileek mezu bat bidali dute koronabirusen sintomak dituztenek 112 telefonora ez deitzeko eskatzeko, telefono hori beste larrialdi batzuetarako prestatuta baitago.
Gogorarazi dutenez, COVID-19aren sintomak izanez gero, 900 20 30 50 da Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren zerbitzura jarritako telefonoa, eta 948 290 290 Nafarroan. Egoera horretarako bereziki prestatutako telefonoak dira.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Zure interesekoa izan daiteke
ENBAk plan bat eskatu du baserri guztiak urez hornitu ahal izateko
Xabier Iraola nekazarien sindikatuko bozeramaileak zehaztu duenez, 5.000 baserri inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ur-hornidurako sare publikotik kanpo. Udako lehorteen ondorioz, gero eta gehiago pairatzen dute ur-falta.
4,7ko beste lurrikara batek Granada astindu du, hiru zauritu eta Alhambra itxita utzita
Granadan 4,7ko indarreko beste lurrikara bat izan dute, eta hiru pertsona arin zauritu dira, tartean adin txikiko bat. Granadako Gojar herrian egon da epizentroa, baina Andaluziako beste lurraldeetan ere igarri da. Granadako monumentuak itxi egin behar izan dituzte badaezpada, Alhambra bera ere bai.
Epaileak 24 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Nelson David Morenori, Bilbon 73 urteko gizon bat hiltzeagatik
Epaileak 22 urteko zigorra ezarri dio hilketa astunduagatik, eta beste bi urtekoa iruzur informatikoagatik. Laugarren kondena du, eta ikertzaileek uste dute 2021eko udazkenean hildako zazpi gizon homosexualen heriotzekin zerikusia duela.
Suhiltzaileak Urzainkin piztutako baso-sutea itzaltzeko lanean ari dira
Baso suteetarako Babes Zibileko Plan Bereziaren bigarren egoera operatiboa aktibatu du Nafarroako Gobernuak, ostiralean piztu zen sutea berpiztu ostean.
Llantenoko sutea egonkortuta dute eta zaintza- eta hozte-lanetan ari dira suhiltzaileak
Egoerak onera egin duen arren, puntu beroak daude oraindik eta lanean jarraitzen dute Gasteizko eta Espejoko suhiltzaileek. Aiarako Udalak herritarrei eskatu die ez gerturatzeko sute-eremura, suhiltzaileen lana ez oztopatzeko.
Eguzki eklipsearen ondoren, beste bat dator: ilargiarena, partziala, hilaren 28an
Joan den abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoaren ondoren, zeruak fenomeno astronomiko berri bat eskainiko du: abuztuaren 28ko gauean ilargiaren eklipse partziala ikusiko da, eta ilargiaren diskoaren % 93 estaliko du, gutxi gorabehera. Begi hutsez ikusi ahal izango da, instrumentazio berezirik gabe.
Jacan oporretan dauden euskaldunak boluntarioen taldeetan antolatu dira sua herrira irits ez dadin
Huescako sutea itzaltzen saiatzeko boluntaro taldeak antolatu dira. Horietako asko, euskaldunak dira. Jakan etxebizitza duten gipuzkoar eta nafarrak. Sugarrak kontrolatzeko bidean dira suhiltzaileak, baina beraiek ere bere aletxoa jarri nahi dute. Sasi, zuhaitz eta adar; sua indartu dezakeen erregaia kentzen.
Imsersok iazko formula bera erabiliko du 2026-2027 denboraldian: bidaiak 50 eurotan eta maskotarekin bidaiatzeko aukera
Ia 900.000 plaza eskainiko dira orotara, eta horietatik 7.400 baliabide gutxien dituzten pentsiodunentzat erreserbatu dira, 50 euroko prezioan. Bidaiak irailaren 14tik 15era bitartean merkaturatuko dira.
Iruñeko Udaltzaingoaren ustez, gidariak giza akats bat egin zuen Nabarreriako kamioiaren istripuan
Gidaria ibilgailutik jaitsi zen kamioia itopuntuan zuela eta esku-balazta aktibatu gabe, Iruñeko Udaltzaingoak epaitegira bidalitako atestatuaren arabera. Hasiera batean balaztari eragin ziola ziurtatu zuen, baina gero adierazi zuen ez zuela argi gogoratzen.
Hil egin da Espinosa de los Monterosen (Burgos) traktore batek harrapatutako mutiko bizkaitarra
Ezbeharra pasa den larunbatean gertatu zen, eta, harrezkero, Gurutzetako ospitalean egon da larri.