Duela 83 urteko bonbardaketa gogoratu dute Gernikan, publikorik gabeko omenaldiekin
Gernikako Udalak bonbardaketaren 83. urteurrena gogoratu du gaur, baina, aurten, ordezkaritza instituzional murritzarekin eta jenderik gabe egin dituzte ekitaldiak, COVID-19aren pandemia dela eta. 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika.
Alerta-egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dute urteurrenera begira aurreikusitako jarduera programa. Aurreko urteetan, hainbat egunetan egin izan dituzte bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak.
Bonbardaketaren garaian herriko alkate izan zena, Jose de Labauria, eta George Steer kazetari britainiarra gogoratzeko omenaldi ekitaldia egin dute eguerdian, lore-eskaintza eginda. Kazetari britainiarrak eraso horren ondorioen berri eman zuen The Times egunkarian, egun haietan argitaratutako kroniken bitartez.
Ekitaldiak zuzenean jarraitu ahal izan dira Internet bidez, Udalaren web orrian, eta sirena eta kanpai hotsak entzun ahal izan dira arratsaldean herrian, 15:45ean, bonbardaketa gogoratzeko.
Horrez gain, hilerrian, lore-eskaintza egin diete bonbardaketan hildakoei, hasiera batean Eusko Jaurlaritzak ekitaldi hori debekatu egin bazuen ere. Ekitaldi horretan parte hartu du Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak.
"Gernikako herriari geratzen zaion ondarerik handiena bere memoria da. Omenaldi honekin, ahanzturaren aurka matxinatzen da Gernika", esan du alkateak, "elkarkidetzerako eta bakerako bidea memoria berreskuratzean datza", esan du alkateak.
Gauean, leihoetan eta balkoietan kandelak pizteko eskatu diete herritarrei, aireko eraso horretan hildakoak gogoratzeko urtero Gernikan egiten den martxa isilaren ordez.
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak, "Kids Gernika" nazioarteko proiektua eta Nazioarteko Bake Brigadaren aitortza bertan behera utzi dituzte aurten.
Zure interesekoa izan daiteke
Kaltzadako bizilagunek bitartekaritza eskatu dute, euren etxebizitzen jabe den funtsaren "abusuzko prezioen" aurrean
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak