30 km/h-ko muga hiri osora zabalduko du Bilbok, eta ez ditu terraza berriak onartuko
Astelehen honetan, maiatzak 11, 1 fasean sartzearekin batera, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasuna Sailak zenbait neurri jarriko ditu abian "modu seguruan eta jasangarrian mugitu ahal izateko eta osasun-agintarien gomendioak betetzeko", ohar baten bidez jakitera eman duenez.
"Garraioko eta joan-etorriak egiteko modu guztien bizikidetza" hobetzea da helburua, bereziki iraunkorrenak eta osasungarrienak, hala nola, bizikleta eta oinez joatea.
TERRAZAK
Bestalde, terrazak ireki ahal izango dira gaur egun indarreko baimena daukaten establezimendu guztietan. Hau da, 1.185 establezimendutan, horiek baitziren alarma-egoera ezarri zenean Bilboko Udalak zeuzkan baimenak.
Gainera, baimendutako mahai-kopurua bakoitia bada, % 50eko neurria gorantz aplikatuko da. Hau da, baimena hiru mahai jartzeko bada, bi jarri ahal izango da.
Muntaketak metro biko tartea utzi beharko du mahaien eta dagozkien aulkien (unitate laukizuzenak) artean. Horren ondorioz baimendutako terrazaren azalera gainditzen bada, ez da handitzerik eskatu beharko, okupazio hori baimenduta dagoela ulertuko baita.
Fase honetan ez da terraza berririk edo azalerak zabaltzerik baimenduko. Hala ere, instalazio berrietarako edo instalazioen azalera zabaltzeko eskariak aurkez daitezke.
BIZIKLETA ZERBITZUA
Bilbaobizi Bilboko bizikleta zerbitzua berriro ezarriko da astelehenetik aurrera, aldi baterako erabiltzeko baldintzekin eta osasun agintariek gomendatutako neurrien arabera.
Bizikletak oinarrizko lanak egiteko bakarrik erabili ahal izango dira. Zerbitzuaren ordutegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 20:00etara izango da bizikletak alokatzeko, eta 20:30ak arte bizikleta mailegu-guneetara itzultzeko. Gehienez, 30 minutu erabili ahal izango da. Eskularruak eta maskara erabili behar dira derrigor.
Egunez, zerbitzua martxan dagoela, eta gauez, zerbitzua amaitzen denean, mailegu-guneak eta bizikletak desinfektatuko dira.
BILBOBUS
Puntako orduetako zerbitzuen % 90era iristen da dagoeneko. Horrez gain, orain arte 5 linea baizik ez dira % 100ean ibili (ospitaleetakoak, L38-L57-L58-L85-A9), baina fase honetan beste 6 lineek emango dute zerbitzu osoa (L18-L30-L48-L56-L77-A6).
Gautxori zerbitzua ez da oraindik zabalduko.
IGOGAILUAK ETA FUNIKULARRA
Udalaren 44 igogailuak eta Artxandako Funikularra martxan daude egun osoan eta ohiko maiztasunarekin; edukieraren % 50 bete daiteke. Denetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
Gainera, hiriko 5 tokitan dauden 20 arrapala edo eskailera mekanikoak guztiz gaituta daude, eta muga bakarra bi metroko distantzia fisikoa da.
Instalazio eta igogailu guztiak egunero desinfektatzen dira.
TAXIAK
Ibilgailu pribatuaren ordez taxi zerbitzua erabiltzea gomendatu du Bilboko Udalak, hirian "bisita turistiko gutxiago dauden une honetan sektore honi laguntzeko". Taxian hartu beharreko babes neurriak hauek dira: maskararekin bidaiatzea, kopilotuaren eserlekua ez okupatzea eta ilara bakoitzeko bi pertsona esertzea (hiru ilarako taxiak ere badaude).
TAO ZERBITZUA
1 fasearen hasierarekin bat, eta ibilgailu pribatuen zirkulazioa handiagoa izango dela aurreikusita, Bilboko TAO zerbitzuak ohiko ordutegia izango du maiatzaren 11tik aurrera, hiriko joan-etorriak bermatu ahal izateko.
Ordutegia astelehenetik ostiralera artekoa izango da, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30era arte eta arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara arte. Zapatuetan Bilboko TAO zerbitzuaren ordutegia 09:00etatik 13:30era artekoa izango da, 1., 2., 3., 4. eta 10. guneetan.
Segurtasun-neurriak eta higienea areagotzeko, Bilboko Udalak BilbaoPark aplikazio ofiziala erabiltzeko gomendioa egin du eta ordaintzeko, ahal dela, txartela erabiltzeko.
SEMAFOROAK ETA ABIADURA
Asteburu honetan berriro ere, oinezkoen joan-etorriei lehentasuna emateko neurria ezarri du Bilboko Udalak hiriko 13 eremutan. Horrekin batera, oinezkoentzako berde denborak zabaltzen hasi dira, semaforoz hornitutako 50 zebrabide baino gehiagotan.
Horrekin lotuta, Bilboko Udalak lanak eta tramiteak hastea erabaki du kale guztietara 30 kilometro orduko abiadura muga zabaltzeko, gaur egun hiriko bideen % 87an baitago indarrean.
Zure interesekoa izan daiteke
Musikenek "arretaz" ikertuko du harpa irakasle batek ikasleei emandako tratua
Musikeneko Zuzendaritzak "kaltetua izan daitekeen edonori" jakinarazi dio "zentroaren arreta osoa" izango duela, eta, horretarako, ikastetxeak "eskura dituen bideen bidez harremanetan jartzeko" eskatu du.
San Joan suak bertan behera utzi dituzte herri askotan, muturreko beroagatik
Nafarroako Gobernuak San Joan surik ez egiteko gomendatu du. Eusko Jaurlaritzak ez du gomendio orokorrik eman eta herri bakoitza bere erabakiak hartzen ari da. Hala, Iruñean, Barakaldon, Urretxun, Zumarragan, Sopelan, Berangon, Gernikan eta Muxikan, besteak beste, ez da surik piztuko.
EHUko errektoreak ohartarazi duenez, kalifikazioak "ezin dira presio sozial, politiko edo mediatikoagatik zehaztu"
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak adierazi du kalifikazioak "ezin direla zehaztu presio sozial, politiko edo mediatikoagatik". Horrekin batera, USaPeko euskara azterketetan izandako zenbait notek eragindako polemikaren harira, esan du ikasleen eskubideak defendatzeak "ebaluazio-sistemaren inpendendentzia defendatzea" dakarrela.
Pedrosa sailburuak jakinarazi duenez, USaPeko euskara azterketan zeroen % 47 ebaluatzaile berak jarri zituen
Azterketa horretan jarritako 168 zeroetatik 108, 11. eta 12. epaimahaiek zuzendutako azterketei dagozkie; guztien % 64,3.
Berrikuspenaren ondoren, euskara azterketako zeroak murriztu egin dira, baina "igoera esanguratsurik gabe" kasu gehienetan
Unibertsitatera sartzeko proben behin betiko kalifikazioak argitaratu dituzte eta EHUko errektoreak balorazioa egin du: ebaluazio- eta berrikuspen-sistemaren alde egin du.
Haur-eskolak 13:00etan itxiko dira gaurtik aurrera, muturreko beroagatik
Haurreskolen Partzuergoak bere eskolak ohi baino goizago ixtea aurreratzea erabaki du, tenperatura altuak direla eta. Neurria datozen egunetan egongo da indarrean, kontrakoa erabaki arte.
Bi pertsona atxilotu dituzte Plentziako hondartzan, lapurretetan ari zirela eta udaltzainei erasotzeagatik
Halaber, Ertzaintza bi adingabe ikertzen ari da, igande honetan Plentziako hondartzan izandako gertakarietan parte hartu zutelakoan, hainbat lapurretarekin lotutako polizia-operazio batean.
1,1 milioi euro utzi ditu Primitivak Bilbon
Astarloa kaleko 3. zenbakian dagoen 11 zenbakia duen Loteria Administrazioan zigilatu zuen txartela asmatzaileak.
25 pertsona artatu dituzte EAEn igande honetan izandako tenperatura altuen ondorioz
16 eta 94 urte bitarteko pertsonak dira artatuak. Horietatik zortzi tokian bertan artatu dituzte sendagiria eman diete; beste 17ak, aldiz, anbulantzian eraman dituzte osasun zentroetara eta ospitalera, jarraipena egiteko, baina ez daude larri.
Mañeruko sutea egonkortu dute, eta pertsona bat eraman behar izan dute ospitalera kea arnastu duelako
Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte Mañerun, eta A-12 errepidea bi orduz itxita egon da, pilatu den keagatik.