3 hildako EAEn eta 2 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.483 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 9 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 00:00ak arte bildutakoak).
Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datu horiek; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 6.862 detekzio-proba egin zituzten atzo: 4.418 PCR eta 2.444 test azkar.
Azken orduetan, 9 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.442 positibo guztira) eta 130 test azkarren bidez (5.704), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.146 kasu baieztatu dira orain arte.
Probintzien arabera, Araban 2 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (2.990 guztira), eta Bizkaian 7 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.550 guztira).
Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen atzeman dituzte biak. Bizkaian, berriz, Zornotzan (1), Balmasedan (2) eta Bilbon (4) atzeman dituzte kasu berriak.
Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan. Zehazki, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.313 guztira). Horrez gain, EAEn beste 589 kasu positibo atzeman direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina horietako bat ere ez azken 24 orduetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 174.935 PCR proba eta 102.230 test azkar egin zaizkie 152.760 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, egun duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 277 pertsona sendatu dira (16.965 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,69). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, gainera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, 3 gaixo gutxiago baitituzte. Horrela, gaur egun 38 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.
Orain arte, guztira 1.483 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7). Gainera, 698 gaixo daude oraindik (% 3,7).
Azken orduetan, 8 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi gaur egun guztira zenbat dauden ospitaleratuta.
136.000 proba baino gehiago kolektibo espezifikoetan
Osasun Sailak eta Osakidetzak COVID-19a atzemateko 136.000 proba baino gehiago egin dituzte kolektibo espezifikoetan. Proba gehienak osasun arloan eta soziosanitarioan egin dituzte, baina Ertzaintzan, suhiltzaileen kolektiboan eta udaltzaingoetan ere egin dituzte, baita arrantzaleei eta presoei ere.
Horixe eman du jakitera Nekane Murga Osasun sailburuak gaixotasunaren bilakaeraren berri emateko goizean egindako agerraldian, eta adierazi du programa horiek beste kolektibo profesional batzuetara ere zabalduko direla pixkanaka.
Koronabirusa atzemateko orduan, proba horietan osasun arloko profesionalek egunero egiten duten "ahalegin handia" nabarmendu du sailburuak, eta adierazi du orain deskonfinamendu-faserako abian jarritako lehen mailako arretako zaintza- eta kontrol-planaren esparruan arituko direla, bai eta baheketa-programen bidez edo kolektibo espezifikoei probak eginez ere.
Horrez gain, gaurko datuak kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 2 fasera igarotzeko prest dagoela nabarmendu du Murgak, eta lurraldean parametro guztiak betetzen direla gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.