EAEk eta Nafarroak COVID-19aren biktimak omendu dituzte isiltasunean
Euskal erakunde nagusiek jarduera eten dute gaur eguerdian, COVID-19aren pandemian hil diren pertsonen omenezko minutu bateko isilunea egiteko. Haien omenez, erakundeen egoitzetako banderak haga erdian jarri dituzte.
Horrela, EAEk bat egin du Espainiako Gobernuak ezarritako hamar eguneko dolu ofizialarekin, koronabirusak Espainian eragindako 27.000 hildako baino gehiagoren eta 236.000 kutsatuen omenez. EAEn 19.578 dira kutsatutakoak, eta 1.511 hildakoak.
Iñigo Urkullu lehendakariak, bere Gobernuko hainbat sailburuk eta hiru ahaldun nagusiek parte hartu dute Gasteizko Lehendakaritzaren egoitzan gorde den isilunean. Bertan, EAEko Mahai Sozioekonomikoan parte hartu dute, pandemiak eragindako krisirako irtenbideak aztertzeko.
Maskaradaz babestuta eta segurtasun distantziak errespetatuta, Gorka Urtaran alkatea buru zuten Gasteizko zinegotziek dolu-keinu horretan parte hartu dute, eta hiriaren "min sakona" adierazi dute, 327 bizilagun hil baitira eta ezinezkoa izan zaie agurtzea pandemia geldiarazteko hartutako neurriengatik.
Eusko Legebiltzarrean metxa bat piztu da Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren aurrean, eta Arabako Biltzar Nagusietan osoko bilkura eten da, Foru Jauregiko harmailatik COVID-19aren biktimak isilean gogoratzeko.
Gasteizen minutu bateko isilunea egin dute COVID-19ko biktimengatik
Bilbon, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan da buru Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzaren aurrean egindako ekitaldian. Dozenaka herritarrek hartu dute parte, baita Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko agintariek eta Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariak ere.
Bilbon ere bi minutuko isilunea egin dute, Juan Maria Aburto alkatea eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea buru zirela, Eudelen deialdiari erantzunez.
Horrez gain, PP+Cs koalizioko Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak Getxon (Bizkaia) bi alderdi horiek antolatutako omenaldi batean parte hartu du.
Bilboko Udalak omenaldia egin die COVID-19aren biktimei
Donostian, Eneko Goia alkatea izan da udaletxearen kanpoaldeko mailaketan egindako elkarretaratzearen buru, bertako balkoi nagusian hiriko bandera haga erdian eta krespoi beltzez kulunkatzen zelarik.
Donostiako beste zinegotzi batzuekin batera, pandemiako kaltetuak gogorazteko ekitaldi sinboliko horretan hainbat foru diputatuk eta Espainiako Kongresuko diputatu eta hiriko alkate ohi Odon Elorzak parte hartu dute, besteak beste.
Gutxienez elkarrengandik metro batera bereizita eta maskarak jantzita, isilik egon dira minutu batez, Alderdi Ederreko lorategietatik eurekin bat egin duten hogei bat herritar bezala.
Txaloekin amaitu den elkarretaratzearen ostean, alkateak, maskara beltza soinean zuela, kazetariei esan die Donostian atsekabe hori koronabirusak hildako guztiei zuzendu zaiela (49, hirian), baita konfinamenduan hil diren eta behar bezala agurtu ezin izan dituzten pertsonei ere.
Antzeko elkarretaratzeak egin dira lurraldeko beste udal askotan, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere.
Donostiarrek COVID-19aren biktimak gogoratu dituzte udaletxearen aurrean
Iruñeko banderak, haga erdian
Iruñeko Udalak ere bere eraikin publiko guztietako banderak erakutsi ditu haga erdian, COVID-19aren biktimen aldeko dolu keinu gisa.
Era berean, Udalak bat egingo du pandemiaren biktimengatik gaur eguerdian herrialde osoan deitu duten isilunearekin, eta dei egin die herritarrei dauden lekuan gorde dezaten.
Iruñeko kasuan, ekimen sinboliko horiek udal banderek apirilaren 22tik erakusten duten xingolari gehitzera datoz.
Xingolak hirian egongo dira alarma egoera amaitu arte.
Ministroen Kontseiluak 10 eguneko dolu ofiziala onartu du
Ministroen Kontseiluak 10 eguneko dolu ofiziala ezartzen duen dekretua onartu du asteartean, COVID-19aren ondorioz hildako 26.000 pertsonak gogoan.
"Hildako pertsona bakoitzaren atzean, zalantzarik gabe, ametsez eta itxaropenez betetako bizi-historia bat zegoen", adierazi du Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministro eta Gobernuaren bozeramaileak. Hamar hildakotik zortzi 70 urtetik gorakoak zirela gogorarazi du, eta, beraz, demokraziaren hasieran herri hau eraikitzen lagundu zuten herrikideak zirela nabarmendu du.
Omenaldi horrez gain, uztailean Espainiako erregea buru duen estatu-hileta egingo dutela eta Espainiako Gobernua dagoeneko hori prestatzen ari dela iragarri du.
Zure interesekoa izan daiteke
Hamaika pertsona atxilotu dituzte Castro Urdialesen droga-trafikoaren dirua zuritzeagatik
Operazioan 3.000 gramo kokaina baino gehiago, 7 arma labur eta 4 luze, munizioa eta dirua atzeman zituzten.
2015-2025 tartea, erregistroak daudenetik izandako beroena, Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren arabera
176 urte badira Lurraren batez besteko tenperatura neurtzen dena, eta azken 11 urteotan erdietsi dira balio altuenak. "Historia 11 aldiz errepikatzen denean, jada ez da kointzidentzia, jarduteko deia zuzena da", azpimarratu du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.
CCOO sindikatua, Korrikan parte hartu ez izanaz: "Etsaien aldean jarri gaituzte"
CCOO sindikatuari egindako "apartheid soziala" salatu du berriro sindikatu honetako Euskadiko idazkariak, Korrikan parte hartzeari "betoa" jarri diotelakoan. Bestalde, euskararen aurkako eraso judizialik dagoenik ukatu du.
Osakidetzaren EPErako izen-ematea ireki da, eta probak ekainean egingo dira
Deialdiak 5.425 plaza eskainiko ditu, horietatik 2.160, berriak. Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira.
Lau ibilgailuren arteko istripu bat izan da Malmasingo tuneletan, eta auto-ilarak sortu dira A-8an, Irunerako noranzkoan
Errepidea erabat irekita dago jada, baina ordu eta erdi edo eman du itxita, eta auto-ilara luzeak sortu dira. Lau lagun zauritu dira istripuan.
Albiste izango dira: Iparraldeko hauteskundeen emaitzak, Korrika eta Osakidetzako EPEa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.