764 kasu gehiago atzeman dituzte Euskadin, bigarren egunez jarraian
Hego Euskal Herriak 931 koronabirus kasu gehiago atzeman ditu azken 24 orduetan; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 764 positibo atzeman dituzte gaitza atzemateko PCR proben bidez. Gauzak horrela, atzo jakinarazi zituzten kutsatuen kopuru bera dira, alegia, koronabirusaren pandemia hasi zenetik Euskadin izan den kopuru handiena. Nafarroan, berriz, 167 positibo gehiago baieztatu dituzte.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, positiboek gora egin dute Bizkaian, 432 kasu baieztatu baitituzte bertan (atzo 365 kasu zenbatu zituzten). Gipuzkoan, berriz, 18 kasu gutxiago atzeman dituzte gaur, guztira 225 (atzo 243 positibo). Araban ere behera egin du positibo kopuruak, azken orduetan 94 kutsatu zenbatu ondoren (atzo 131). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonak positibo eman dute azken orduetan.
Testuinguru horretan, atzo egindako PCR probekiko positiboen ehunekoa oso antzekoa da aurreko eguneko datuarekin alderatuta, baina zertxobait baxuagoa. Zehazki, 9.176 PCR proba egin zituzten atzo (% 8,3k positibo eman zuten), eta, asteazkenean, 8.753 test (% 8,7).
1,13 da gaurko R0 indizea (atzo 1,15 zen).
Araban, kutsatu gehienak Gasteizen atzeman dituzte (84). Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza udalerrien artean; Bilbon, adibidez, 160 kasu baieztatu dituzte, Barakaldon 55, Getxon 41 eta Gernika-Lumon 19. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 93 kutsatu zenbatu dituzte, Errenterian 17 eta Lasarte-Orian 19.
Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta kasuak adin-taldeen arabera sailkatuta.
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 387 emakumeak dira eta 377 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 20 eta 29 urte bitartean (139 kasu).
Covid-19a duten 76 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 120k, berriz, 30 eta 39 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 58 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 120 pertsonak 40 eta 49 urte bitartean dituzte, 106k 50 eta 59 urte bitartean, 59k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 83k 70 urtetik gora.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 32 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, 225 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin lotuta gelan, eta horietatik 54 azken orduetan ospitaleratu dituzte.
EAEko egoera epidemiologikoa
Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak aitortu duenez "goranzko joera" ez da moteldu, ez kasu kopuruan, ezta ospitaleetako eraginean ere, baina ezarritako murrizketa berriek egoera egonkortzea ahalbidetuko dutela espero du, datorren astera begira. Dena dela, "horretarako herritarren laguntza behar da, eraginkorrak izan daitezen", gaineratu du.
Murgak azpimarratu duenez, kasuak arakatzeko gaitasuna martxoan baino askoz handiagoa da orain, eta gaur egun bilakaera orduan baino askoz motelagoa da, bai identifikatutako kasuei dagokienez, bai osasun-arreta behar duten pazienteei dagokienez.
Murgak "harrien azpian bilatzearen" aldeko apustua egin du, sintomarik ez dituzten positiboak lehenbailehen atzemateko, isolatzeko eta kutsatuak duela hilabete batzuk baino egoera larriagoan ez egoteko.
Testuinguru horretan, jarduneko Osasun sailburuak ez die garrantzirik kendu EAEn komunitate-kutsatzea "egon badagoela" erakusten duten "datu kezkagarri horiei", ezarritako higiene eta segurtasun neurriak gorabehera. "Erakundeak eta herritarrak ezin dira lasaitu", azpimarratu du. "Maskara uneoro erabili behar da, kontaktu berriak saihestu eta mugikortasuna murriztu", gaineratu du.
Murgaren esanetan, "hondartzak ez du kutsatzen, baina bai 15 pertsona maskararik gabe etzanda egotea".
Bere esanetan, gaitza duten pertsona batzuk identifikatu ez dituztelako jarraitzen da birusa zabaltzen, baita herritarren ehuneko batek ez dituelako agintariek emandako gomendioak jarraitzen.
Euskadin gaur egun dauden agerraldiak
Oraina arte atzeman dituzten agerraldiei dagokienez, Gernikan dagoeneko 2.705 PCR egin dituztela nabarmendu du jarduneko Osasun sailburuak, 800 proba inguru egunero, eta agerraldi horrekin lotuta 113 positibo zenbatu dituztela jada. Azpeitian, berriz, kasuak "pixkanaka jaisten joango dira".
Donostiako Komplot diskotekaren fokuari dagokionez, 240 PCR egin dituzte eta 26 pertsonak positibo eman dute.
Halaber, Tropical Disco diskotekan egon ziren herritar guztiei PCR probak egitera joateko eskatu die, orain arte pertsona gutxi joan direlako. 43 test egin dituzte, eta 19 positibo baieztatu dituzte. Murgak deitoratu duenez, horrelako establezimenduekin lotuta dagoen arazoetako bat da ezin direla erabiltzaileak identifikatu.
167 kasu gehiago atzeman dituzte Nafarroan azken orduetan
Bestalde, Nafarroan beste 167 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo. Guztira, gaitza atzemateko 1.872 PCR proba egin zituzten. Dena dela, ez zen inor hil koronabirusaren ondorioz.
Iruñeak eta bere eskualdeak jarraitzen dute kasu berri gehienak biltzen (% 50), jarraian Tuterako osasun-eremuan atzeman dituzte kasu gehien (% 27), eta, ondoren, Lizarrako osasun-eremuan (% 6). Gainerako kasuak (% 17) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Baieztatutako kasuen batez besteko adinari dagokionez, 30-44 urteko taldea da nagusi (kasu guztien % 24), eta, jarraian, 45-59 urteko taldea (% 22). Ondoren, 15-29 urte bitarteko adin-tartea dago (% 19) eta 0-14 urte bitartekoa (% 18). Positibo berrien % 11k 60 eta 74 urte bitartean dituzte, eta % 6k 75 urte baino gehiago. Ildo horretatik, kasu berrien batez besteko adina 38,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasu berrien % 53 emakumeak dira, eta % 47, gizonezkoak.
Bilakaera epidemiologikoaren ikuspuntutik aztertuta, atzo zortzi pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, baina ez zen inor hil covid-19aren eraginez; beraz, pandemia hasi zenetik, 533 pertsona hil dira Nafarroan koronabirusaren ondorioz.
Bestalde, Nafarroako ospitale-sarean 64 pertsonak jarraitzen dute ospitaleratuta, horietatik zortzi zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) daude eta beste bederatzi etxean. Gainerakoak, 47 gaixo, ospitaleko geletan daude. Pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, infekzio hori ospitaleratzeko arrazoia izan ala ez.
Azkenik, detekzio goiztiarreko sistemari eta kasu zein kontaktu estuen jarraipenari dagokionez, 1.872 PCR proba egin zituzten atzo osasun-sare publikoan. Pandemia hasi zenetik 9.565 positibo baieztatu dituzte guztira (atzo beste 167 kasu atzeman zituzten).
Zure interesekoa izan daiteke
Zestoako sei pertsona epaituko dituzte gaur, horietako baten bikotearen integritate moralaren aurkako delitua egotzita
Akusatuen artean dago salaketa jarri duen gizonezkoaren bikotekide ohia, baita Zestoako alkatea ere. Akusazio partikularrak bost urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu, eta mugimendu feministak uste du epaitzen ari direna elkartasun feminista dela.
Albiste izango dira: Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko erabakia, greba orokorra eta ETB ON plataformaren aurkezpena
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Guggenheimek Urdaibairako daukan proiektuaren etorkizuna, argitzear
Gaur egingo du erabakia hartzeko bilera Guggenheim museoaren patronatuak. EITBk duela aste batzuk jakin ahal izan zuenez, gehiengoak proiektua alboratzearen alde egingo du.
Kamioilari bat hil da AP-8an Irunen izandako istripu batean
Bi kamioik elkar jo dute Baionaranzko norantzan. Ondorioz, autobidea itxi behar izan dute eta auto-ilarak sortu dira.
Gehiago eta hobeto bizitzen ikasteko proiektu batean parte hartzen ari dira 65 urtetik gorako 600 bizkaitar
Biobizkaia Institutuaren azterketak mendekotasuna prebenitzea eta osasuna zaintzea du helburu, baina ez da azterketa medikoetan bakarrik geratzen. Parte hartzaileek nutrizioari, mikrobiotari eta ohiturei buruzko hitzaldiez ere gozatzen dute, beren ongizatearen hobetzen laguntzeko.
Euskadi eta Katalunia Unescoren eta Turismoaren Nazioarteko Erakundearen kide izatea sustatuko du Espainiako Gobernuak
Horrekin batera, "estatutu zabalago bat" eskatu du Espainiako Gobernuak, "lurralde horiek kulturaren eta turismoaren arloan dituzten eskumenak garatu ahal izateko". Juntsekin adostutako akordioen barruan kokatu du iragarpen hori Pedro Sanchez presidenteak.
Padura artifizialak sortu eta etorkizuneko eraikinetako kotak igoko ditu Jaurlaritzak, itsas mailaren igoerari aurre egiteko
Egoerarik okerrenean, itsasoaren maila 0,72 metro igo liteke 2100. urterako. Horrek guztiak zuzenean eragingo die EAEko biztanleriaren % 32ri (700.000 pertsonari baino gehiagori) kostaldean eta bokaletik hurbil dauden ibai haranetako biztanleei. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza onartu du, behin-behinean, Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialari.
Duela 80 milioi urte baino gehiago Barrikan (Bizkaia) izandako glaziazio batek ezbaian jarri ditu eredu klimatikoak
Kretazeoan izotzik gabeko Lur planeta baten aukera errefusatuko luke aurkikuntza horrek, eta komunitate zientifikoan errotuta dagoen ideia hautsi, hau da, garai hartako klima izugarri beroa izan zela, planetaren historiako tenperatura altuenetakoak izateraino.
Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, faltsututako Athleticen 2.070 kamiseta izateagatik
Atzemandako materialak 132.000 euroko balioa izango luke merkatuan, Bizkaiko Guardia Zibilak egindako kalkuluen arabera. Atxilotuari jabego industrialaren aurkako delituak egitea leporatzen diote.
Gizon bat atxilotu dute Araban, adingabeen argazkiak AArekin manipulatu eta haur pornografia sortzea egotzita
Poliziaren arabera, atxilotutakoak adingabeen argazkiak hartzen zituen kalean eta igerileku publikoetan, eta adimen artifizialarekin manipulatzen zituen biluzik ager zitezen.