Nafarroak 118 adingabe hartuko ditu urtebeteko epean, dagoeneko "tentsionatuta" dagoen erkidegoa bada ere
Ministroen Kontseiluak onartutako dekretuak ezarri du 100.000 biztanleko 32,6 adingabe artatuko dituztela. Euskadik eta Kataluniak ez lukete harrerako gazterik hartu beharko, orain arte "egindako ahaleginagatik".
Dozenaka migratzaile dituen ontzi bat, Kanarietan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Nafarroak 118 adingabe migratzaile hartuko ditu hurrengo hilabeteotan, "dagoeneko tentsionatuta dauden harrera-zerbitzuak" dituen autonomia erkidegoa izan arren, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak nabarmendu duenez. Hala, Espainiako Gobernuak egindako banaketaren arabera dagozkion migratzaile gazteak hartuko ditu, Kanariekin eskuzabal izateko.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu du astearte honetan, autonomia erkidegoek zenbat lagun artatu dezaketen argitzeko. 100.000 biztanleko 32,6 gazte hartzea ezarri du. Inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak bideratzeko azken urratsa da.
Banaketa horren arabera, Euskadiri 731 plaza egokitu zaizkio guztira, eta Nafarroari, 223. Andaluziak 2.827 adingabe hartu beharko lituzke; Kataluniak, 2.650; Madrilek, 2.325; Galiziak, 886; Gaztela eta Leonek, 783; Kanariek, 737; Gaztela-Mantxak, 692; Murtziak, 517; Aragoik, 441; Balearrek, 406; Extremadurak, 344; Asturiasek, 331; Errioxak, 107; Melillak, 28, eta Ceutak, 27.
Hala ere, Euskadik eta Kataluniak ez lukete harrerako gazterik hartu beharko, orain arte egindako ahaleginagatik. Kataluniak, ordea, gutxienez 31 lagun artatzeko asmoa du, aurreko harrera-kanpainetako kopuru bera. Erkidego gehienak banaketa horren aurka daude, nahiz eta legez behartuta egon.
Testuinguru horretan, Maeztu kontseilari nafarrak adierazi du Foru Komunitateari esleitutako 3 milioiak ez direla nahikoak izango, eta adingabeak hartzeko funts propioak jarri beharko dituztela. Nolanahi ere, azaldu du Espainiako Gobernuarekin elkarlanean arituko direla Kanarietako erkidegoari laguntzeko, "denbora gehiegi baitarama egoera jasanezinean".
Era berean, ziurtatu du egungo egoera PPk gobernatzen dituen erkidegoen "lankidetza faltaren" ondorio dela: "Gobernu zentralak erabaki hori hartu behar izan du, Alderdi Populak agintzen duen autonomia erkidegoen lankidetza faltagatik; izan ere, hasieratik, ez dira prest agertu guztion arazoa den egoerari borondatez erantzuteko".
Halaber, adierazi duenez, "118 adingabe migratzaileak ez dira aldi berean iritsiko, faseka baizik. Lekualdatze-prozedura progresiboa izango da". Dena dela, finkatutako epea urtebetekoa da, eta, Ministerioak adierazi duenez, gutxien tentsionatuta dauden erkidegoekin hasiko da. "Nafarroa da arreta-maila handiena ematen ari den autonomia erkidegoetako bat. Ziurrenik, hilabete honetan ez da adingaberik iritsiko, hurrengo hilabeteetan iritsiko dira", esan du.
"Gure herrira inor gabe iristen diren umeez ari gara, eta harrera duina, solidarioa, eta, ahal izanez gero, humanitarioa emateko betebeharra dugu", adierazi du Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.