Zahar-etxeetako bisitak eta irteerak mugatu dituzte Nafarroan
Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak murriztea erabaki du, COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurri gisa.
Neurri murriztaile horiek Nafarroa osoan egongo dira indarrean, atzo iragarritako gainerako murrizketak bezala, datozen 14 egunetan. Gainera, bi aste hauetan, udalek beste neurri gehigarri batzuk hartzeko aukera izango dute.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen eguneko zentroek zabalik jarraituko dute, familia eta lana uztartzeko eta atseden hartzeko funtsezko zerbitzuak direlako, baina neurri zorrotzak ezarriko dituzte eta edukiera % 75era mugatuko dute.
Testuinguru horretan, erretiratuen zentroetarako edukiera % 30era murriztea erabaki dute, orain arte baimendutako % 50aren aldean.
Egoitza-zentroetako bisiten eta irteeren murrizketak hiru salbuespen-kasu izango ditu: bizitzaren amaiera; egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboaren arintzea eta narriadura psikoafektibo larriko egoerak.
Kasu horietan, bisitak aldez aurretik hitzartuko dira, egoiliar bakoitzeko pertsona bakarrera mugatuko dira eta nahitaezkoa izango da babes-ekipamenduak erabiltzea, egoiliarrak berak ere bai. Horrez gain, higiene eta prebentzio-neurriak errespetatuko dira, bereziki segurtasun-distantzia eta eskuen higienea.
Orain arte, murrizketa horiek mila biztanleko hiru kutsatze baino gehiago zituzten oinarrizko osasun-eremuetan baino ez ziren aplikatzen. Ildo horretatik,
neurri horiek egoiliarrengan eta haien familiengan "inpaktu handia" dutela badakiela esan du Gizarte Eskubideen Departamentuak, baina, koronabirusaren bilakaerari aurre egiteko asmoz, datozen bi asteetan " ahalegin berezia" egin behar dela gaineratu du.
Hori dela eta, "egoitza-sisteman esku hartzen duten pertsona guztien erantzukizunaren eta lankidetzaren aldeko deia" egin du, egoera aldi baterakoa izan dadin eta, ahalik eta lasterren, normaltasunera itzuli ahal izan dadin.
Zure interesekoa izan daiteke
Hiria eta donostiarrak "errespetatzeko" eskatu die Donostiako alkateak Olympique Lyoneko jarraitzaileei
Ertzaintzak kontrolak ezarri ditu Biriatun, Realaren eta Lyongo Olympiquen arteko partida dela eta
Ertzaintzak Realaren, Alavesen eta Celtaren 20 zale "erradikal" inguru identifikatu ditu Donostian
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zauritu zituzten
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian