Inoizko positibo gehien berriz Nafarroan 546 kasurekin, eta 364 positibo Euskadin
Inoizko koronabirus kasu gehien atzeman dituzte Nafarroan, 546 positibo egun bakarrean, hain zuzen ere. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berriz, 364 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez.
Foru Erkidegoan 3.094 PCR proba egin zituzten atzo, % 17,6ko positiboarekin, baina ez zen hildakorik izan.
Testuinguru horretan, positiboen % 56 Iruñean eta bere eskualdean zenbatu zituzten, % 20 Tuteran eta % 6 Lizarran. Gainerako positiboak Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman zituzten.
Koronabirusa atzemateko detekzio-proban positibo eman duten kasu berriei dagokienez, 15-29 urteko taldea izan zen nagusi atzo, kasuen % 24rekin; jarraian, 45-59 urteko taldea, % 22rekin; ondoren, 30-44 urteko taldea, % 19rekin, eta 15 urtetik beherakoak, % 16rekin. Azkenik, 60 urtetik gorakoen taldea dago (% 19). Kasu berrien batez besteko adina 39,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 48 gizonak dira eta % 62 emakumeak.
Bestalde, 27 gaixo gehiago ospitaleratu zituzten atzo Nafarroan COVID-19agatik, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Ospitaleetako okupazioari dagokionez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 281 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusagatik (atzo baino 18 gehiago).
Halaber, atzoko kasuak batuz gero, 22.274 pertsona kutsatu dira jada pandemiaren hasieratik, eta guztira 617 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz.
Hori dela eta, gaur gauerdian indarrean jarriko diren neurri murriztaile berriak betetzea beharrezkoa dela azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Neurri horiek bi astez egongo dira indarrean, koronabirusaren bilakaerari aurre egiteko helburuarekin.
Koronabirusaren bilakaera Euskadin
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez, Euskadiko positibotasun-tasak % 5etik gora jarraitzen du hirugarren egunez jarraian (% 5etik aurrera talde transmisioaz hitz egiten da). Dena dela, aurreko bi egunetako datuekin alderatuta zertxobait jaitsi da positiboen ehunekoa. Ospitaleratze berriek, aldiz, gora egin dute azken orduetan, 16 izatetik 22 izatera igaro baitira.
Atzo, gaitza atzemateko 6.872 PCR egin zituzten EAEn (aurreko egunean baino 3.050 proba gutxiago). Hain zuzen ere, 364 kasu positibo zenbatu ziren atzo (larunbatean 564).
Ostiralean eta larunbatean EAEko positibotasun-tasa % 5,6koa izan zen, eta igandean, berriz, % 5,3koa. Tasa hori % 5etik behera mantendu zen ia etengabe irailaren 28tik, bi egunetan izan ezik, horietan zertxobait igo baitzen.
Bestalde, azken orduetan 22 gaixo ospitaleratu dituzte COVID-19aren eraginez, aurreko egunean baino 6 pertsona gehiago, eta ez da aldaketarik izan zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen duten pazienteen kopuruan (47).
Pandemiaren bilakaerari buruzko datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu berri gehien, 154, aurreko egunean baino 104 positibo gutxiago. Dena dela, baliteke PCR gutxiago egiteagatik jaitsi izana baieztatutako kasu kopurua.
Bizkaian, 140 kutsatu atzeman dituzte (aurreko egunean baino 104 kasu gutxiago); Araban, aldiz, gora egin dute azken orduetan baieztatutako positiboek. Izan ere, 70 kasu atzeman dituzte guztira (15 positibo gehiago).
Osasun Sailak astearte honetan emango ditu koronabirusak udalerrietan izandako eraginari buruzko datuak, baita gaixo batek zenbat pertsona kutsatu ditzakeen adierazten duen R0 indizearenak ere. Testuinguru horretan, Jaurlaritzak ostiralean gaurkotu zuen azken aldiz COVID-19aren bilakaera jasotzen duen txostena, aurreko eguneko datuekin.
Oraingoz, beraz, ez dira jakitera eman Osakidetzak Azkoitian (Gipuzkoa) eta Sansomendiko osasun-eremuan (Gasteiz) egin dituen baheketa masiboen emaitzak. Hain zuzen ere, 17 eta 60 urte bitarteko herritarrei egin dizkiete PCR probak.
Azkoitian, asteazkenean hasi ziren positiboak atzemateko probak, eta larunbatean amaitu ziren; Sansomendin, berriz, ostegunean hasi ziren, eta ostiralera arte luzatu dute epea.
Adinekoen egoitzen egoera
Gipuzkoako erresidentzietan ez da kasu berririk ezta hildakorik egon azken orduetan. Bestalde, 55 dira osatu egin diren pertsonen kopurua. Azken orduetan hiru pertsonari eman diete alta Donostiako Alai-Etxe zentroan.
Gaurko egunez bost zentrotan daude positibo eman duten egoiliarrak: Hernaniko Santa Maria Magdalena (8), Errenteriako Jesusen Bihotza (3), Donostiako Alai-Etxe (23), Bergarako Mizpirualde (13) eta Donostiako La Paz (1). Beraz, 49 kasu positibo daude adinekoen artean.
Foru Aldundiak esan duenez, zotzi dira ospitaleetan daudenak, eta beste 41 Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan. Hori da erresidentzietako egoiliarrak eramaten dituzten zentroa COVID-19 dutenean. Abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, 55 adineko pertsona osatu dira, eta 31 hil dira.
888.968 positibo guztira Estatu espainiarrean
Espainiako Osasun Ministerioak 27.656 kasu berri eta 195 heriotza erregistratu ditu ostiraletik. Guztira, Espainian 33.124 pertsona hil dira koronabirusagatik, eta 888.968 kasu positibo erregistratu dira.
Madril da momentu honetara arte erregistratu dituen hildako kopururik altuena, 9.786rekin. Gero datoz Katalunia (5.883), Gaztela-Mantxa (3.266), Gaztela eta Leon (3.232), Andaluzia (2.020), EAE (1.937) eta Aragoi (1.481).
Zure interesekoa izan daiteke
Ander Zubillagak omenaldia egin die Biescasko biktimei tragediaren 30. urteurrenean
Biescasko kanpinaren uholdea 1996ko abuztuaren 7an gertatu zen, Araseko sakanaren bat-bateko ur-goraldi bikain batek Las Nieves kanpina suntsitu zuenean. 87 pertsona hil ziren eta 187 zauritu. Ander Zubillaga gitarrista tolosarrak sei urte eskasekin bizi izan zuen tragedia hura.
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko da Getarian ostiral honetan
EITBk zuzenean emango du Orain.eus atarian, ETB1en eta ETB ONen, 16:45etik aurrera, lau urtean behin egiten den ekitaldi honen berri.
Zuzenean: Eklipsea Bardean
Abuztuaren 12ko 19:00etatik aurrera, eguzki-eklipse osoaren zuzeneko seinalea eskainiko dugu Bardeatik.
Zuzenean: Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzearen antzezpena zuzenean Getariatik, 16:45etik aurrera.
Asintomatikoa eta kontrolpean dago Galizian atzemandako hantabirusaren kasua
Pazientea, frantziar-argentinar herritar bat, ostatuan isolatuta dago, eta Osasun Ministerioa zein Galiziako Xunta haren kontaktuen jarraipena egiten ari dira.
Mila pertsona inguru etxetik atera dituzte Baionako erdigunean gas-isuri baten ondorioz
Baionako hiriguneko mila bizilagun etxetik atera behar izan dituzte bart, gas-ihesa dela eta; ondorioz, segurtasun dispositibo handia aktibatu behar izan dute. Suhiltzaileek 100 metroko perimetroa itxi dute, eta goizaldeko ordu batak arte ezin izan dute etxebizitzetara itzuli.
Sosik ez, eta hilobirik ere ez: Juan Sebastian Elkano getariar nabigatzaile handiari buruzko 5 bitxikeria
Zenbat dakizu munduari lehen bira eman zion euskal itsasgizon handi honi buruz? Elkanoren figura lerroburuetara ekarri nahi dugu, haren heriotzaren 500. urteurrena bete berri den honetan. Hain justu, Getarian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko dute gaur arratsaldean, lau urtean behin egiten den gisara, eta Orain-ek zuzenean eskainiko du, streaming bidez.
Haurrak protagonista Gasteizko jaietan, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierarekin
Jaietako laugarren eguna haurrei eskainiko diote gaur, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierarekin. Egun osoan zehar, jarduerak izango dira eta orain.eus-ek zuzenean eskainiko du jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazatik.
Migratzaileek helmuga berri baterainoko bidea azaldu dute
Azaldu dutenez, askok saiakera bat baino gehiago egin behar izan zituzten aurreikusitako helmugara iritsi aurretik. Migratzaile batzuek egoera berean dauden beste pertsona batzuekin egiten dute ibilbidea.
Martxoaren 3ko biktimak gogoan, zapi beltzak jantzi dituzte blusek eta neskek
Jaiak eta memoria ekimenaren barruan, Martxoaren 3ko sarraskian hildako bost langileak eta ehunka zaurituak gogoratu dituzte gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren festetan. Jendetza batu da Katedral Berriaren atarian egin duten oroimen ekitaldian.