KORONABIRUSA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

658 covid-19 kasu berri zenbatu dira EAEn azken orduotan

Positibo tasa zerbait apaldu da, baina kutsatuen kopurua azken asteotako handiena da. ZIUetan ingresatutako pertsonen kopuruak ere gora egin du.
Covid-19a atzemateko testa.
Covid-19a atzemateko testa. Argazkia: EFE.

Koronabirus proba diagnostikoen positibo tasa zertxobait murriztu zen ostiralean: aurreko egunean baino bi hamarren (% 7,1) jatsi eta % 6,9an kokatu zen. Hala ere, kutsatu berrien kopuruak gora egin du EAEn; izan ere, 658 positibo berri baieztatu dituzte, azken zenbaketan baino 123 gehiago.

Kasu kopururik handiena Bizkaian atzeman dute, 354 (ostegunean baino 71 gehiago), hain zuzen ere. Gipuzkoan 203 positibo berri zenbatu dituzte (aurreko egunean baino 33 gehiago) eta Araban 95 (22 gehiago). Era berean, beste erkidego batzuetako pertsonen artean sei positibo baieztatu dituzte.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, aurreko egunean baino 17 gehiago, eta ZIUetan 75 paziente daude covid-19aren ondorioz, lau gehiago.

Oraingoz, neurri murriztaile berririk ez

Bestalde, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoa astelehenean bilduko da berriro, koronabirusaren pandemia Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaera aztertzeko.

Ostiralean hitzordua izan zuen LABIren batzorde teknikoak, baina ez zuen neurri berririk proposatu. Astelehenean jakingo da, beraz, EAEn covid-19aren aurka indarrean dauden neurriak zorroztuko dituzten ala ez.

Aurreratu zuten bakarra da gaur egungo datuak "kezkagarriak" direla. "Goranzko joera hartu dute, eta nahiz eta bilakaera geldoa izan, egoera arduratzeko modukoa da", esan zuten.

Lau adineko hil dira Bizkaiko egoitzetan

Azken orduetan lau adineko hil dira Bizkaiko egoitzetan covid-19aren ondorioz. 244 kutsatu daude lurraldeko zentroetan; aurreko balantzean 291 ziren.

Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ostiralean 150 positibo (15 gutxiago) baieztatu zituzten Bizkaiko egoitzetan, eta 25 adineko ospitaleratu behar izan dituzte gaixotasunaren ondorioz, aurreko balantzean baino bat gutxiago. 2.594 adineko, aldiz, sendatu dira.

Bestalde, egoitzetako 137 langilek eritasuna dute, eta beste 95 bakarturik daude, baina gaixotasuna baieztatu barik.

Bederatzi zentrok covid kasuak dituzte: Truiondo-Zamudio (36), Txurdinagabarri-Bilbo (32), Arandia-Arrigorriaga (27), Anai Cantero I-Bilbo (17), Bilbozar-Bilbo (14), IFAS-Gallarta (9), Arratiako Egoitza-Dima (8), Indautxu Gurena-Bilbo (6) eta Artibai-Ondarroa (1).

Nafarroa

160 koronabirus kasu berri zenbatu zituzten atzo Nafarroan, bezperan baino 14 gehiago, Foru Gobernuak zabaldutako behin behineko datuen arabera.

Denera, covid-19a atzemateko 2.960 proba egin ziren, 1.860 PCR eta 1.100 test antigeno, eta positibo tasa % 5,4koa izan zen; osteguneko datuarekin alderatuta, beraz, 1,3 puntu jaitsi da tasa.

Ostegunean zazpi pertsona ospitaleratu zituzten covid-19arekin Nafarroako erietxeetan, horietako bat ZIUn. 

Eskualdeka, Iruñerria da positibo gehien dituena azken orduotan, zenbatutako kopuru osoaren % 61. Tutera inguruko bizilagunak kutsatuen % 13 dira, eta Lizarraldekoak % 7.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"

Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X