89 pertsona hil dira azken astean eta 1.104 kasu berri atzeman dituzte
Koronabirusak eraginda, 89 pertsona hil dira Euskadin azken astean, hilaren 18tik 24ra doana, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astearekin alderatuz gero, heriotza kopurua hazi egin da, 27 hildako gehiago izan baitira.
Eguneko datuei dagokienez, asteartean 15.837 test diagnostiko egin dira (astelehenean baino 2.122 gehiago), eta, haietatik, 1.104 positiboak izan dira, bezperan baino lau gehiago. Hori horrela, positibotasun tasa % 8an kokatu da (aurreko egunarekin alderatuta, puntu bat jaitsi da).
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, asteartean 89 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino hiru gehiago, eta une honetan 560 gaixo daude ospitaleratuta, aurreko balantzean baino 12 gehiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 134 pertsona daude, astelehenean baino bederatzi gehiago.
Bestalde, urtarrilaren 18tik 24ra bitarteko astean metatutako datuak aztertu ostean, ondoriozta daiteke 89 heriotza izan direla covid-19aren ondorioz, duela hilabetetik izan den altuena; izan ere, iazko abenduko bigarren eta hirugarren asteetan ehun hildako inguru izan ziren, bigarren olatuko daturik txarrenak lortuta.
Datu horiekin, 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du, eta 588,03an dago Euskadi osoan. Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia (635,14 kasu) eta Araba (571,46) daude eremu gorrian, eta Gipuzkoa, berriz, mugan (499,40 kasu).
Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte, 609 kutsatze berri, astelehenean baino 19 gutxiago, eta Gipuzkoan 297 positibo berri (34 gutxiago) eta Araban 179 kasu berri atzeman dituzte, astelehenean baino 41 gehiago.
Halaber, 19 kasu positibo erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko eguneko lau kasuengatik.
Duela astebete baino gehiago bezala, oinarrizko ugalketa kopuruak, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, jaisten jarraitzen du eta 1,11koa da.
5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, nolabaiteko egonkortasuna dago; izan ere, astelehenean transmisio-gune gorria deiturikoan zeuden 34 udalerrien aurrean, metatutako 500 kasuen gainetik, astearte honetan 35 ziren, Basauri horretan sartu baita.
Bestalde, egoera zertxobait hobetu da ikastetxeetan; izan ere, asteazken honetan 153 ikasgela itxi dituzte, bezperan baino 11 gutxiago, hau da, 17.554 ikasgelen % 0,87, bi urtetik unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.
Koronabirus kasuren bat duten ikastetxeen kopurua 107koa da, hau da, asteartean baino lau gutxiago, eta Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) "eskola txikia" bi geletako jarduera presentziala etenda dago oraindik.
Erresidentziak
Bizkaiko erresidentzia sareko bost erabiltzaile hil dira azken orduotan covid-19arekin, ondorioz, 179 dira bigarren olatua hasi zenetik hildakoak. Era berean, 299 dira positiboak, aurreko balantzean baino 12 gehiago.
Gizarte Ekintzak azaldu duenez, atzo 173 erabiltzale zeuden covid-19 gaitzaren proban positibo emandakoak (bezperan baino bi gutxiago), eta 45 ziren ospitalean ingresatuta zeudenak (bat gutxiago).
Bestalde, 2.898 dira gaixotasuna gainditu duten erresidentzietako erabiltzaileak, hau da, positibo eman ostean negatibo eman dutenak; eta azken orduotan 16 pertsona sendatu dira.
Zentroetako langileei dagokienez, 218 positibo daude (aurreko zenbaketan baino sei gehiago), eta 79 daude isolatuta (covid-19a baieztatu gabe), bezperan baino hiru gehiago.
Gaur egun, 15 zentro daude kaltetutako egoiliarrekin: Miserikordia-Bilbo (37), Truiuondo-Zamudio (37), Caser Artxanda-Bilbo (20), Calzada-Gernika (20), Indautxu Gurena-Bilbo (10), Santamariñe-Urduliz (10), Arratiako Egoitza-Dima (9), Gallarta-IFAS laguntza-zentroa (6), Marcelo Gangoiti-Muskiz (5), San Roke-Markina (5), Ercilla-Bilbo (4), Beato Domingo Iturrate-Getxo (3), Txurdinagabarri-Bilbo (3), Leon-Trucios (3) eta Bilbozar-Bilbo (1).
Gainera, koronabirusak eragindako infekzio kasuak artatzeko Birjinetxeko unitate soziosanitarioan 87 pertsona daude. Horietatik 66 egoitza sarearen erabiltzaileak dira, eta 21, berriz, zaurgarritasun egoeran daude eta berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.
Era berean, Unbeko izaera soziosanitarioko unitate espezializatuak 26 pertsona hartzen ditu. Horietatik 15 egoitza sarearen erabiltzaileak dira eta 11 hauskortasun egoeran dauden pertsonak.
Aldundiak, DYA Gipuzkoarekin batera egiten dituen PCR probek lau positibo berri atzeman dituzte azken orduetan lurraldeko egoitzen erabiltzaileen artean (60 kasu aktibo), baina ez da hildakorik izan.
Foru Aldundiak jakitera eman duenez, egoitzetako erabiltzaile batek gaixotasuna gainditu du azken orduetan, eta 34 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan: Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.
Gaixotasunaren kasu aktibo gehien dituzten egoitzak Debagoiena (17), Bermingham (16) eta Gurutze Gorria (13) dira. Covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 614 pertsona sendatu dira eta 150 hil dira.
Arabako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean beste lau kasu atzeman dituzte, horietako bi Gasteizko Ajuria zentroan eta beste bi Sallurtegikoan (Agurain).
Bi egoitzetan egindako baheketetan positibo eman duten lau pertsonak sintomarik gabe daude, Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Nafarroako egoera
Azken orduotan, Nafarroan behera egin dute positibo berriek (179 kasu), eta 200 baino gutxiago izan dira, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bestalde, Espaniako Estatuari dagokionez, Osasun Ministerioak 40.285 positibo berri eta 492 hildako gehiago jakinarazi ditu asteazken honetan, eta azken 14 egunetan 899,93 kasu izan dira ehun mila biztanleko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko duena.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".
Fiskaltzak 22 urteko eskaera mantendu du adingabeei sexu-mesedeak eskaintzeagatik epaitutako Irungo irakaslearentzat
Defentsak, bere aldetik, akusatuaren absoluzioa eskatu du, irakasleakustezko biktimekin "adiskidetasun" harremana soilik zuela eta deliturik ez duela egin iritzita.
Benetako pobrezia % 4tik % 6,1era igo da Euskadin, gizarte-desberdintasunei buruzko inkestaren arabera
Familiek eguneroko gastuak ordaintzeko duten gaitasuna hobetu bada ere, oporretan joateko eta hamar urte baino gutxiagoko autoa izateko zailtasunak areagotu dira.
Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"
Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako.
Gizon bat atxilotu dute eta hiru adingabe ikerketapean dituzte, irakasleen kontuetara iruzur eginez sartzeagatik
Ikerketapean dauden adinez txikikoak Tuterako ikastetxe bateko ikasleak dira, eta atxilotua, berriz, Iruñean atxilotu dute.
Metak 375 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du, haurren esplotazioagatik eta erabiltzaileen segurtasuna urratzeagatik
Mexiko Berriko fiskalaren arabera, enpresak adingabeengana heltzeko ia mugarik gabeko sarbidea ematen zien “harrapari sexualei”, eta horri esker biktimekin harremanetan jartzen ziren.
Zigorrak ezarri dizkiete Basauri BEA taldeari, entrenatzaileari eta lau jokalariri, epaile neska bati eraso egiteagatik
Klubak hiru partida ateak itxita jokatu beharko ditu; entrenatzaileari eta jokalariei, berriz, lau eta sei partida arteko zigorrak ezarri dizkiete. Gainera, isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte; klubaren kasuan, 600 eurokoa.