Donostialdeko edateko ura fluoratzeari uztea erabaki dute
Añarbeko Urak sozietate publikoak edateko urari fluorra eransteari utzi dio Donostia eta inguruko bederatzi herri hornitzen dituen urtegian. Haurren aho-hortzetako osasuna hobetu dela egiaztatu ostean hartu dute erabakia.
Haurren artean txantxarra prebenitzeko Eusko Jaurlaritzak 1994an ateratako dekretu baten harira hasi ziren ura fluoratzen.
Ura fluoratzeari uzteko erabakia 2018. urtean egindako ikerketa epidemiologiko baten ondorioz hartu dute.
Ikerketaren arabera, 12 urteko umeen txantxar-indizeak antzekoak ziren ur fluoratua zuten eremuetan eta fluoratu gabeko ura zuten eremuetan.
Halaber, Añarbeko Urak enpresak Euskadiko ur-horniduraren erakunde kudeatzaile nagusiekin bat egin du, horiek ere fluorazioa ezabatu baitute beren instalazioetan.