AstraZenecaren dosiekin zertxobait bizkortuko da txertaketa erritmoa
Oxfordek eta AstraZenecak garatutako txertoaren dosiekin hiru dira dagoeneko Euskal Herrian jartzen ari direnak. Txertaketa prozesuan aurrerapausoa da, eta hurrengo hilabeteetan, txerto berriak onartzearekin batera, immunizazio erritmoa azkartzea espero da.
Astelehenero 15.600 eta 5.850 dosi heltzen dira Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Erkidegora, hurrenez hurren. Geldialdiaren ostean, bidalketek hasiera bateko erritmoari heldu diote berriro.
Espainiara AstraZenecaren 196.800 dosi heldu dira lehenengo aldiz, eta gaur erkidego autonomoei banatuko zaizkie. Oraindik ez dakigu zenbat iritsiko diren EAEra eta Nafarroara. Ipar Euskal Herrira larunbatean heldu ziren enpresa farmazeutiko horren 1.600 txerto, eta 50 urtetik beherako osasun langileei jartzen ari zaizkie dagoeneko. Hurrengo egunetan gehiago heltzea aurreikusten dute.
Otsailean, 1.810.575 dosi bidaliko ditu AstraZenecak Espaniara, 1.779.579 Pfizer-BionTechek eta 412.000 Modernak. Martxoan, berriz, beste 2.750.040 dosi bidaliko ditu Pfizerrek, eta AstraZenecak eta Modernak bidaltzen jarraituko dute. Hiru txertoen kasuan, bina dosi jarri behar dira, baina lehenengoaren eta bigarrenaren arteko epeetan aldeak daude.
Espainiako Gobernuak ez ditu planak aldatu, eta udan biztanleen % 70 txertatuta egotea aurreikusten du. Horretarako, abiadura handitu beharko da. Europako Sendagaien Agentziak txerto berriak onartzea lagungarria izango da horretan.
Erritmoa, beraz, txerto berriak iristearekin batera handituko da. Errusiako Sputnik V izan daiteke horietako bat. % 90etik gorako eraginkortasuna du, eta dosi bakarrarekin immunizatzeko ahalmen handia. Onartzeko, Europar Batasunean ekoitzi beharko dute. Horren harian, Austriako Gobernua prest agertu da Errusiako edota Txinako txertoak ekoizteko, baita beste edozein ere, baldin eta baimena lortzen badute. "Azken finean, ahalik eta azkarren ahalik eta txerto seguru gehien lortzea da helburua, nork garatu dituen kontuan izan gabe", esan du Sebastian Kurz gobernuburuak.
Txertaketa masiboa aurreikusita, autonomia erkidegoak espazio handiagoak prestatzen ari dira, prozesua azkartzeko; futbol zelaiak eta unibertsitate campusak, esaterako. Erritmoaren jauzi kualitatiboa 2021eko bigarren hiruhilekoan espero da.
Jokoan sartu den azken txertoa, Oxford eta AstraZenecarena, 18 eta 55 urte bitartekoei jarriko zaie, horren eraginkortasuna adin tarte horretan baitago frogatuta. Helduko diren lehenengo dosiak lehen lerroan ez dauden osasun langileei jarriko zaizkie.
Ikusteko dago txerto desberdinak izateak, bakoitza ezaugarri desberdinekin, lehentasun taldeen ordena aldatuko duen.
Arrisku taldeetako pertsonak
Momentuz, "arrisku baldintzak" dituzten pertsonei txertatzea egokitzen zaienerako, Espainiako Medikuntza Prebentiboa, Osasun Publikoa eta Higiene Sozietateak gomendatu duenez, arrisku handiena dutenak "lehendabizi txertatu beharko lituzkete, onura gehien aterako luketenak izango liratekeelako".
70 urtetik gorako pertsonak, III. graduko obesitatea dutenak, Down sindromea dutenak edo esklerosi anizkoitza dutenak "lehentasun altukoak" lirateke, erakunde honen ustez. Helburua "agintariei erabakiak hartzen laguntzea da, txertatzeko ordenak zehazteko bidean", badakitelako oraindik "dosiak gutxi" direla.
Eraginkortasun mugatuagoa Hegoafrikako aldaeraren aurrean
AstraZenecak garatutako txertoak "eraginkortasun mugatuagoa" du Hegoafrikako aldaeraren aurrean, gaur argitaratuko duten ikerketa baten behin-behineko datuen arabera.
Horrela, Hegoafrikako Gobernuak bertan behera utzi du AstraZenecaren txertoak jartzeko kanpaina, bertako adituek estrategia berri bat erabaki arte.
Oxfordeko eta Witwatersrandeko unibertsitateetako adituek egindako ikerketa horrek erakusten du eraginkortasuna galtzen duela aldaera berri horren aurrean, kasuak arinak edo ez oso larriak direnean, bereziki. Nolanahi ere, gaitza larria denean, beste txerto batzuek bezala, Oxfordek garatutako honek ere antigorputzak sortzen dituela ondorioztatu dute.
Kutsatzeak egonkortzen hasi dira Hego Euskal Herrian
Bitartean, pandemiaren aste honetako eboluzioak egonkortze bat erakusten du, eguneroko datuetan.
EAEn, 632 kutsatze berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, bezperan baino 315 gutxiago. Guztira, 10.104 proba egin dituzte, eta positiboen tasa % 6,2tik % 6,3ra igo da. Nafarroan nabarmen egin du behera kutsatze kopuruak. Larunbatean, 87 kasu atzeman dituzte, bezperan zenbatutako positiboen (171) ia erdia.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko duena.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".
Fiskaltzak 22 urteko eskaera mantendu du adingabeei sexu-mesedeak eskaintzeagatik epaitutako Irungo irakaslearentzat
Defentsak, bere aldetik, akusatuaren absoluzioa eskatu du, irakasleakustezko biktimekin "adiskidetasun" harremana soilik zuela eta deliturik ez duela egin iritzita.
Benetako pobrezia % 4tik % 6,1era igo da Euskadin, gizarte-desberdintasunei buruzko inkestaren arabera
Familiek eguneroko gastuak ordaintzeko duten gaitasuna hobetu bada ere, oporretan joateko eta hamar urte baino gutxiagoko autoa izateko zailtasunak areagotu dira.
Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"
Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako.
Gizon bat atxilotu dute eta hiru adingabe ikerketapean dituzte, irakasleen kontuetara iruzur eginez sartzeagatik
Ikerketapean dauden adinez txikikoak Tuterako ikastetxe bateko ikasleak dira, eta atxilotua, berriz, Iruñean atxilotu dute.
Metak 375 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du, haurren esplotazioagatik eta erabiltzaileen segurtasuna urratzeagatik
Mexiko Berriko fiskalaren arabera, enpresak adingabeengana heltzeko ia mugarik gabeko sarbidea ematen zien “harrapari sexualei”, eta horri esker biktimekin harremanetan jartzen ziren.
Zigorrak ezarri dizkiete Basauri BEA taldeari, entrenatzaileari eta lau jokalariri, epaile neska bati eraso egiteagatik
Klubak hiru partida ateak itxita jokatu beharko ditu; entrenatzaileari eta jokalariei, berriz, lau eta sei partida arteko zigorrak ezarri dizkiete. Gainera, isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte; klubaren kasuan, 600 eurokoa.