Ostalaritzaren eta jarduera kulturalen ordutegia 02:00ak arte luzatu du LABIk
LABI instituzionalak covid-19ari aurre egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako neurriak malgutzea erabaki du. Horrela, bada, larunbat honetatik aurrera, ostalaritza ixteko eta jarduera kulturalak amaitzeko ordutegia 02:00ak arte luzatuko dute.
Halaber, txokoak eta elkarte gastronomikoak irekiko dituzte, baina gaueko aisialdiak itxita jarraituko du.
Horrez gain, kirol ekitaldietan ikusleak sartzea posible izango da, edukiera mugatuta egongo bada ere.
Intzidentzia-tasa metatua 150 kasutik behera dago Euskal Autonomia Erkidegoan astelehenaz geroztik. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri III planak hainbat neurri malgutzea aurreikusten du egoera horretan eta LABI instituzionalak estrategia horri jarraitu dio.
Neurriak bizpahiru astez egongo dira indarrean, larunbat honetatik hasita. Ondoren berriro bilduko dira eta, pandemiaren bilakaerak beherako joerari eusten badio, deseskalatze fasean aurrera segituko dute, Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri III plana oinarri hartuta.
Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Osasun Larrialdia bertan behera uzteko aukera ere mahai gainean jarriko dutela, betiere datuak onak badira.
LABI batzordeak bilera amaitu ostean, Urkulluk agerraldia egin du eta datuak onak direla azpimarratu du: intzidentzia-tasa metatua 125era jaitsi da, eta positibotasun-tasa % 2,7ra. Gainera, zainketa intentsiboetako unitatean dauden pertsonak erdira murriztu dira ekainaren 1etik. Egun, 122 gaixo daude.
Horrez gain, txertaketa prozesua abiadura egokian doala ziurtatu du, 50 urtetik gorakoen % 65,3k pauta osoa hartu dutela azalduta.
Neurri berriak
Gauzak horrela, LABI batzordeak ostalaritzaren, merkataritzaren eta jarduera kulturalen ordutegiak gauerditik goizaldeko 02:00etara luzatzea erabaki du.
Tabernetan eta jatetxeetan, sei pertsona bildu ahalko dira mahai bakoitzeko, baina edukiera % 50ean mantenduko dute barrualdean eta debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea. Gainera, musukoa kontsumitzerakoan soilik kendu ahalko da.
Joan urriaz geroztik itxita dauden elkarte gastronomikoak eta txokoak berriro irekitzeko baimena eman dute, ordutegia, edukiera eta pertsonen arteko distantzia mugatuta izango badute ere. Goizeko 09:00etatik goizaldeko 02:00etara ireki ahalko dira, % 50eko edukierarekin. Tabernetan bezala, zutik edo barran kontsumitzea galarazita egongo da, maskara erabili beharko da eta aireztapena bermatzea ezinbestekoa izango da.
Kirol ekitaldietan ikusleak sartzea baimendu dute. Orain 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. Bestetik, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 eta 1.200 pertsona elkartu ahal izango dira. Baldintza horiek ekitaldi sozial eta kulturaletan ere aplikatuko dituzte.
Aire zabalean egindako kirol jardueretan ez da pertsona mugarik izango, baina barruko kirol instalazioetan gehienez 10 pertsona elkartu ahalko dira. Aldageletako edukiera, berriz, % 50era handituko dute.
Saltokietan, berriz, edukiera % 60koa izango da.
Bestalde, gazteek erabiltzen dituzten lokalak eta diskotekak itxita egongo dira. Gaueko aisialdiaren kasuan, orain arte ostalaritzari ezarritako baldintzekin funtzionatzen aritu diren negozioek soilik jarraituko dute irekita, zerbitzua 02:00ak arte luzatzeko aukerarekin.
Lehendakariak adierazi du orain arte hartu diren erabakiak "eraginkorrak" izan direla eta nabarmendu du ziur dagoela herritarrek arduraz jokatzen jarraituko dutela.
Urkulluk uste du prebentzio-neurriak egokiak direla eta txertaketa "emaitza onak" ematen ari dela, baina, hala ere, zuhurtziaz segitzeko deia egin du, "beherako joera egonkortu dadin".
Ildo horretan, aitortu du "kezkatuta" dagoela, udan harreman sozialak ugaritu egingo direlako eta covid-19aren aldaera berriak agertzen ari direlako.
Bestalde, datorren ekainaren 26tik aurrera musukoaren erabilera kanpoaldean derrigorrezkoa izango ez dela eta, Urkulluk zalantzan jarri du Pedro Sanchezek hartutako erabakia, hainbat ikerketek neurri hori biztanleen erdia txertatuta egon arte ezarri beharko ez litzatekeela ohartarazi dutela aipatuta.
Ildo horretan, lehendakariak zehaztu du kanpoaldean musukoa kentzea posible izango dela, "betiere pertsona gehiegi ez badago".
Amaitzeko, Sanchezen jarrera kritikatu du, ekitaldi politiko batean egin duelako iragarpena, Lurraldeen arteko Osasun Kontseilua bildu aurretik. "Ez da ona erabakiak horrela ezagutzea", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Eklipseek ikusmin handia piztu izan dute beti Euskal Herrian, baina segurtasunez ikusi behar dira
Orain mende bat ikusi zen azkenekoz eguzki eklipse oso bat Euskal Herrian. Zorionez, herritarren kontzientzia hobetu egin da. Eklipseak modu seguruan ikusteko betaurrekoak 1990eko hamarkadan agertu ziren.
Munduko bazterretatik etorri dira Euskadira, eklipsea ikustera
Estatu Batuetatik, Poloniatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik, besteak beste, etorritako taldeek gure lurraldea aukeratu dute fenomenoa ikusteko.
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.
Zeledon San Migeleko dorrera igota emango diete amaiera Gasteizko jaiei
Astelehen goizaldean, hildako blusen eta nesken igoera eta kandelen prozesioa ere egingo dira, ekintzaz beteriko sei jaiegunei agur esateko.