Zornotzako jipoiagatik atxilotutako zazpigarren adingabea, Fiskaltzaren esku
Lemoako 23 urteko mutil bati Zornotzan (Bizkaia) emandako jipoian parte hartu zuelakoan atxilotutako zazpigarren adin txikikoa Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute gaur goizean, Segurtasun Sailak Jakinarazi duenez.
Adingabea atzo atxilotu zuten Barakaldon. Guztira, 14 pertsona eraman dituzte atxilo, horietako zazpi adingabeak. 18 urtetik beherakoak Fiskaltzaren esku geratu dira, eta sei adin nagusiko kartzelan sartu dituzte. Zazpigarrena, berriz, aske dago, baina astero joan behar du sinatzera.
Ertzaintzak, Zornotzako Udaltzaingoarekin elkarlanean, irekita du operazioa, erasoan parte hartu zuten gazte guztiak identifikatu eta atxilotzea helburu (20 bat izan ziren).
Ikerketaren arabera, urteotan Bizkaian tankerako erasoak egiten ibili omen den Koala Anaiak talde oldarkorreko ustezko kideak dira.
Zornotzako erasoaren biktimak larri jarraitzen du Gurutzetako Ospitalean.