Intzidentzia 700etik behera kokatu da EAEn, baina oraindik ez du ospitaleen egoera samurtu
Covid-19aren eragin metatuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta astelehen honetan 700 kasuko langatik jaitsi da (683 puntuan dago, zehazki). Hori horrela, ekainean erdietsitako mailara itzuli da intzidentzia. Nolanahi ere, Osakidetzaren erietxeetan ez dute oraindik hobekuntza hori igarri, eta gora egin du ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak (285, ostiraleko 259en aldean) eta ZIUetako egoera ez da hobetu: 66 eri daude kritiko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan berritu ditu intzidentzia-tasa metatuaren eta beste adierazleen datuak buletin epidemiologikoa kaleratuta. Igandean, 582 positibo berri atzeman dituzte 5.323 proba diagnostiko egin ostean. Bezperan baino 229 kasu gutxiago dira, baina datu adierazgarria da duela bi asteko datuekin alderatuta (astelehenetan beti egiten dute behera kutsatzeek, batez ere proba gutxiago egiten direlako); izan ere, uztailaren 26an 942 positibo zenbatu zituzten, gaurko kasuen bikoitza ia. Positibotasun tasari dagokionez, apur bat txikitu da (% 10,9).
Intzidentzia-tasa metatuak 16 puntu egin du behera ostiraleko tasarekin erkatuta, eta are gehiago (125 puntu) duela bi astekoarekin alderatuta. Kurba hiru lurraldeetan ari da jaisten: Araban 530 kasukoa da (59 gutxiago), Bizkaian 747koa (68ko beherakada) eta Gipuzkoan 603koa (73 gutxiago).
Erietxeetako egoera bere horretan edo okerrago dago, ordea. Igande honetan 30 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, bezperan baino bost gutxiago, baina gela arruntetan dauden gaixoen kopurua dezente hazi da: ostiralean 259 ziren; gaur, berriz, 285 dira. ZIUetan 66 eri dituzte, larunbatean beste.
Ondoren ikus daitekeen grafikoan atzeman daitekeenez, positiboen kopuruaren kurba eta ZIUetan daudenen kurba ez dira aurreko olatuetan bezala mugitzen ari:
Atzemandako 582 positiboetatik, 313 Bizkaian zenbatu dituzte (bezperan baino 159 gutxiago), 172 Gipuzkoan (16 gutxiago) eta 78 Araban (36 gutxiago). Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren 19 lagunek positibo eman dutela erantsi behar zaie (larunbatean 37 izan ziren).
Transmisioan izandako beherakada herrietako datuetan ere islatu da, eta hiru udalerri handi (Hernani eta Bergara, Gipuzkoan, eta Agurain, Araban) gune latzenetik atera dira gaur. Hori bai, 68 udalerri daude gorrian (400 kasutik gora pilatu dituzte), eta bost bakarrik hortik kanpo.
Adinari erreparatuta, aipagarriak dira 20-29 eta 10-19 urtekoen artean zenbatutako positiboak: 167 eta 94 kutsatze, hurrenez hurren. Horren ildoan, 20 eta 29 urtekoen artean, intzidentzia-tasa metatuak puztuta jarraitzen du, batez besteko tasa halako hiru baita (2.054 kasu 100.000 biztanleko).
Azkenik, bada aipatzeko moduko beste adierazle bat: R0 indizea, oinarrizko birsorkuntza tasa, positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena. Adituen arabera, komeni da 1etik behera egotea; gaur-gaurkoz, 0,86an dago. Alabaina, asteburuan goranzko bidea hartu du berriro, eta bi hamarren igo da larunbatean eta beste bi igandean (ostiralean 0,83an zegoen).
Zure interesekoa izan daiteke
Laredon, euskal gazteen kontrako "ehiza" gertatzen ari dela diote hainbat euskal udatiarrek
Udalak gertakari isolatuak direla dioen arren, biktimek eta euren familiek uste dute, erasook soilik euskal herritarrei egiten dizkietela, euskal herritar izateagatik. Gazteen kontrako dozena bat erasotik gora zenbatu ditu poliziak uda honetan Kantabriako udalerrian.
8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Eklipseek ikusmin handia piztu izan dute beti Euskal Herrian, baina segurtasunez ikusi behar dira
Orain mende bat ikusi zen azkenekoz eguzki eklipse oso bat Euskal Herrian. Zorionez, herritarren kontzientzia hobetu egin da. Eklipseak modu seguruan ikusteko betaurrekoak 1990eko hamarkadan agertu ziren.
Munduko bazterretatik etorri dira Euskadira, eklipsea ikustera
Estatu Batuetatik, Poloniatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik, besteak beste, etorritako taldeek gure lurraldea aukeratu dute fenomenoa ikusteko.
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.