Feminismoa, mugaz gaindi, indarkeria matxistarik gabeko gizarte berdinzale baten alde
Aldarrikapen jendetsuak eragotzi zituen iaz pandemiaren astinaldiak, baina egoera baretu den honetan, ahots feministak kaleak hartuko ditu berriro, gizarte berdinzale baten alde eta indarkeria matxistaren aurka.
Zenbatezina da Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz deitutako protesta kopurua. Genero-arrakalaren bukaera eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ardatz, morez jantziko dira beste behin Euskal Herriko zein hemendik kanpoko herriak.
Mugimendu Feministak, adibidez, ehunka ekimen antolatu ditu martxoaren 8a dela eta. Era berean, tokian tokiko protesta ekitaldietan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Manifestazio nagusiak euskal hiriburuetan egingo dituzte, arratsaldean.
Donostian, esaterako, 18:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik, eta Gasteizen, 19:00etan, San Anton plazatik. Bilbon, berriz, ordu erdi geroago, 19:30ean, emango dituzte lehenengo urratsak Jesusen Bihotza plazatik. Iruñean, 20:00etan izanen da, Antoniuttitik hasita, eta Baionan, 18:00etan elkartuko dira, Merkatu plazan.
Bulkada eman, atzera begira jarrita
"Emakume bat bera ere ez kartzelan", "Emakumerik ez, lanik gabe", "Lan berdina, soldata bera", "Abortu askea"... Horiek dira Espainiako Estatuan martxoaren 8an egin ziren lehen protestetan zabaldutako mezuetako batzuk.
Aldarri horietako asko indarrean daude oraindik: emakumeek gutxiago kobratzen dute gizonek baino, eta langabezia gertuagotik bizi dute. Halere, izan da aurrerapausorik. Horixe da, bederen, diktadura osteko manifestazioetan, 70eko hamarkadaren amaieran, protestetan parte hartu zuten emakumeetako batzuek diotena.
Zaintza eta enplegua, bidean dauden oztopo larriak
LANA: Prestakuntza handiagoa izan arren, enplegu-tasa baxuagoa da emakumeen artean, soldatak ere txikiagoak dira, eta aisialdirako denbora gutxiago dute.
Emakume batek 88 egun gehiago egin behar ditu lan gizon batek beste irabazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) soldata-arrakalaren inguruan dauden azken datuek (2019, INE, Soldata Azpiegituraren Inkesta) hala uzten dute agerian. Izan ere, urtero emakumeek gizonek baino 6.331 euro gutxiago jasotzen dituzte batez beste; hots, % 19,5 gutxiago kobratzen dute. Aldea ez da asko aldatu azken 10 urteotan (2009an, 6.497 eurokoa zen), baina ia lau puntu jaitsi da (duela hamarkada bat % 23koa zen). Bilakaera geldo bezain positibo horrek berdintasuna lortzeko politika publikoei eusteko beharra azalarazten du.
Aldi baterako kontratuak eta lanaldi partzialak ugariagoak dira emakumeen artean. 2020ko datuak hartuta, emakumeen % 26k eta gizonen % 19,2k zuten aldi baterako kontratua. Lanaldi partzialari dagokionez, lau emakumetik batek (% 25) zuen halako bat 2020an, eta gizonen % 6k baino ez zuten lanaldi partziala.
Adinari erreparatuta, soldatan alde handienak daude 35-44 urteko gizon-emakumeen artean (7.523 euroko aldea eta % 22,6ko arraila) eta 45-54 urtekoen artean (gizonek emakumeek baino 7.761 euro gehiago jasotzen dituzte). Kontrara, arrakala txikiagoa da 25 urtetik beherakoen artean (% 8) eta % 15ekoa da 55 urtetik gorakoen artean.
IKASKETAK: Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera, 2021ean, Espainiako Estatuan, gizonen % 16,7k utzi zituen ikasketak Batxilergoa bukatu aurretik. Emakumeen artean, berriz, % 9,7k.
25 eta 34 urte bitarteko emakumeen artean, % 54,5ek goi-mailako ikasketak dituzte. Gizonen kasuan, % 41,4koa da kopuru hori.
ZAINTZA: Alde handia dago etxeko zereginetan eta haurren, adinekoen zein menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko lanetan gizonek eta emakumeek dituzten erantzukizunetan. Egunerokoan, emakumeen % 40 eta gizonen % 28 aritzen dira lan horietan. Bestalde, zainketa lanetarako lanaldia murrizten duten langileen % 95 emakumezkoak dira. Esan gabe doa kirolari edo aisialdiari batzuek eta besteek eskaintzen dioten denborak ere ez duela zerikusirik (% 39 emakumeetan eta % 45 gizonetan).
OSASUNA: Oraindik ere, bizi-itxaropena askoz handiagoa da emakumeen artean (86,2 urte) gizonen artean (80,9) baino, nahiz eta azken urteotan aldea txikituz joan den. Gizonek diote osasuntsuago daudela. 15 urtetik gorakoen artean, gizonen % 79,3k eta emakumeen % 71,9k diote osasun egoera ona dutela.
ERASOTZAILEAK ETA BIKTIMAK: 2020ko datuen arabera, Espainiako Estatuan delituren bat egin zuten pertsonen % 19,5 soilik ziren emakumeak. Indarkeria matxistak 44 emakume hil zituen urte berean. Horietatik bik soilik (% 4,7) zeuzkaten babes neurriak.
"Berdintasunerako unea da"
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak M8ko protestetan "aktiboki" parte hartzeko deia egin du, berdintasuna lortzeko unea dela iritzita.
Ohar batean, Landaidak ziurtatu du covid-19aren krisiak eta eskuin muturraren diskurtsoak are beharrezkoago egiten dutela kalera ateratzea. "Pandemiaren ondorio larriek eragin handiagoa dute emakumeengan. Gainera, indarrez sartu dira berdintasunaren aurkako diskurtsoak", adierazi du.
Bilboko manifestazioan egongo dela iragarri ostean, Landaidak azpimarratu du beharrezkoa dela eguneroko lana indarkeria matxistarik gabeko gizarte berdinzale bat lortzeko. Gauzak horrela, euskal gizarteari eskatu dio erakuts dezala "ez duela urrats bakar bat atzera egingo orain arte lortutako eskubideen defentsan".
Estereotipoak gainditzea
Genero estereotipoak gainditzearen garrantzia aldarrikatu du Arartekoak, "irizpide sexisten arabera, emakumeak aurretik erabakitako rol zehatzetara zigortzen dituztelako".
Adierazpen instituzionalean nabarmendu duenez, "genero joerak eta estereotipo sexistak" bizitzako esparru guztietan agertzen dira: harremanetan, kiroletan, festetan, kulturan, ekonomian, lanean, aisialdian, politikan zein zientzian. "Emakumeen eta neskatoen gorputzetan eragiten dute bereziki, benetako presio sozial baten pean, gauza bihurtzen dituzten kanon artifizialetara egokitzeko", adierazi du.
Arartekoaren hitzetan, estereotipo sexistek batez ere emakumeei eta neskatoei eragiten diete, "aurretik ezarritako kanonak betetzeko exijentzia sozial bidegabe eta ikaragarri baten azpian daudelako". "Gainera, errukigabe azpiratze rolak banatzen zaizkie", erantsi du.
Era berean, "gizonen eta mutikoen askatasuna murrizten dute, pertsona gisa garatzeko orduan", gaineratu du. Arartekoaren ahotan, Eusko Legebiltzarrak iragan ostegunean onartutako Berdintasun Legeak emakumeen eskaerei eta erronka berriei erantzuna emateko tresnak ditu, bidezko gizarte bat eraikitzeko.
24 urte erabateko berdintasuna lortzeko
Azken bi hamarkadetan genero berdintasunak aurrerapauso nabarmenak eman ditu, baina, gaur egungo erritmoan jarraituz gero, gizonen eta emakumeen artean erabateko berdintasuna lortzeko beste 24 urte beharko dira, Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko (UPO) ikerketa baten arabera.
Hezkuntza, lan eta ardura lanpostuetara iristeko orduan emakumeen eta gizonen arteko arrakala murriztu dela azpimarratu du azterketak, baina prozesua moteldu dela ohartarazi du.
Urteko estimazio bat hartu dute adituek ikerketa egiteko 2000tik 2020ra Europako Genero Berdintasun Indizean. Genero desberdintasunaren hiru esparruko 18 adierazle jasotzen ditu: hezkuntzarako sarbidea, integrazioa lan-merkatuan eta parte-hartzea erabakitzeko guneetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Hainbat bidaiari artatu dituzte Ezkirotzen, matxura batengatik trena gelditu ostean
Pasa den ostiralean Iruña-Zaragoza ibilbideko trenbidearen katenarian izandako gorabehera elektriko baten ondorioz, hiru tren gelditu ziren trenbidean Ezkirotzen, Muru Artederretan eta Artederretan. Beroa handia zenez, larrialdi zerbitzuek bidaiariak artatu zituzten eta ura eman zieten.
Emakume bat hil da Tafallan, auto batek harrapatuta
Istripua goizean gertatu da. Emakumea oso larri eraman dute ospitalera, eta ordu batzuk geroago hil da.
Gorenak errefusatu egin du etorkinen erregularizazioa kautelaz geldiaraztea
Espainiako Gobernuak "positibotzat" jo du milaka lagunen "oraina eta etorkizuna argitzen" duen erabaki hori. Dekretua onartuta apirilaren 16an abian jarri zen prozesua gelditzea eskatu zuten bost erakundek.
Giro ezin hobea Bilboko Europako errugbiaren festa handian
Asteburu honetan Challenge Cup eta Champions Cup txapelketetako finalak jokatuko dituzten errugbi-taldeen zaleen arteko giroaz gozatzen ari dira ehunka lagun ostiral honetan Bilbon. Montpellier eta Ulster izango dira elkarren aurka jokatuko duten lehenak, gaur, San Mamesen.
Medikuen sindikatuek ez dute grebarik egingo udan, baina protestak iragarri dituzte udazkenerako
Medikuen sindikatuen konfederazioak espero du Osasun Ministerioak greba batzordea deituko duela berehala, "negoziatzeko benetako borondatearekin". Deialdirik ez badago, udazkenean "gatazka areagotzeko prest" agertu da.
Eusko Jaurlaritzak elikadura-alerta bat zabaldu du EAEn banatutako gazta freskoetan listeria aurkitu baitute
Cerrato, Nativo, Goya eta El Sabor de Casa markek merkaturatutako hainbat produktu daude kaltetuta. Horietako bat etxean dutenei ez kontsumitzeko gomendatu diete agintariek.
Martxan da Bilbon errugbizaleentzako gunea
Gaur eta bihar jokatuko diren Europa mailako bi final handiek 75.000 zale bilduko dituzte guztira. Lehen finala gaur iluntzean jokatuko dute Ipar Irlandako Ulster eta Frantziako Monpellier taldeek. Casilda Iturrizar parkean jarritako gunean hasi dira giroa berotzen.
Nelson David Moreno errudun jo dute, 73 urteko gizon baten hilketagatik
Laugarrenez kondenatu dute auziperatua; guztira, 2021eko udazkenean zazpi gizonezko homosexualen hilketekin lotzen dute.
79 urteko emakume bat larri zauritu da Tafallan, auto batek harrapatuta
SOS Nafarroak jakitera eman duenez, ezbeharra 10:43an izan da, NA-8607 errepideko 4,2 kilometroan, Foruzaingoaren polizia etxearen aurrean, herrigunean bertan. Oinarrizko bizi euskarriko anbulantzia bat eta anbulantzia medikalizatu bat bertaratu dira, eta azken horretan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, larri.
Udalekuetan adingabeen babesa indartzeko erreformaren behin betiko testua onartu du Legebiltzarrak
Gazteria Legearen aldaketa Bernedo auziak bultzatu du, eta batzordean eta osoko bilkuran onartu behar da oraindik. 600.000 eurorainoko isunak aurreikusten ditu.