Baso-sute arriskua punturik gorenean izango da gaur hego haizearen eraginez
Euskal Herri osoa astintzen ari den bero bolada honetan, baso-suteak izateko arriskuak punturik gorena harrapatu du gaur, astelehena, beroari hego-haizea batuta, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak zabaldutako informazioaren arabera. Gauzak horrela, baso-sute arriskua muturrekoa edo oso altua da iragate-eremuetan, Ebro ondoko eskualdean eta Kantauri barnealdean tenperatura altuengatik eta hegoaldeko haizeagatik.
Hona hemen datozen egunetarako ezarritako alerta-mailak eta ordutegiak:
ASTELEHENA
ALARMA GORRIA
-Tenperatura altuagatik barnealdean
-Baso-sute arriskuagatik Araban
ALERTA LARANJA
-Tenperatura altuagatik kostaldean eta tenperatura altu iraunkorragatik
-Baso-sute arriskuagatik Kantauri barnealdean
ABISU HORIA
-Enbatagatik 15:00etatik 19:00etara
Nafarroan ere, muturreko arriskua, maila gorrikoa, izango da, hego-ekialdean izan ezik (laranja da hor), baso-suteak pizteko arriskuagatik.
ASTEARTEA
ALERTA LARANJA
-Baso-sute arriskuagatik Araban
ABISU HORIA
-Baso-sute arriskuagatik Kantauri barnealdean
DEBEKUAK
Alerta laranjan, murrizketak eta debekuak landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean aplikatuko dira 13:00etatik 21:00ak arte. Alarma gorriko egoeran, murriztapen guztiak 24 orduz ezarriko dira.
Honakoak dira debekatuta egongo diren jarduerak, alerta ezarrita dagoen eremuetan:
- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea. Hala nola, nekazaritza edo baso eremuetan txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak edota pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea. Hori guztia, landaguneetan ezezik, hiri-lurzoruetan eta zuhaitz, sastraka edo labore sailetatik 300 metroko baino gutxiagora ere debekatuta egongo da.
- Errekuntzako motordun ibilgailuak ezingo dira erabili baso-pistetan, lursailetako bideetan edota asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ezinbestekoa den kasuetan izan ezik.