The Climate Groupek Euskadi aukeratu du emisioak satelite bidez neurtzeko proiektu baterako
Euskadi aukeratu du The Climate Groupek, Klima Aldaketaren aurkako Munduko Sareak, satelite bidezko emisioak neurtzeko nazioarteko proiektu baterako: STARRS. Lehen emaitzak 2023rako aurreikusi ditu Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzak aurreratu duenez, satelite irudiak eta gas emisioak irudietan identifikatzeko gai den machine learning teknologia erabiliz, STARRS nazioarteko proiektu pilotuak honako emisio hauek neurtuko ditu, besteak beste: karbono dioxidoarenak sektore guztietan, petroliotik datorren metanoarenak eta ongarri sintetikoetatik datorren gasarenak eta oxido nitrosoarenak.
Euskadi Under2 koalizioaren kide liderra da (The Climate Group koalizio horren idazkaritza da), eta ekimen honetan parte hartzen duten sei eskualdeetako bat da. Beste bostak hauek dira: Abruzzo (Italia), Jalisco (Mexiko), Pernambuco (Brasil), Querétaro (Mexiko) eta Lurmutur Mendebaldea (Hegoafrika).
Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak nabarmendu du Euskadi ekimen honen parte izateak aukera ematen duela Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) urtero argitaratzen duten Berotegi Efektuko Gasen Euskadiko Inbentarioa osatzen duten datuak leuntzeko.