Izendatu berriek kargua hartu bezain laster ekin zioten zerbitzuburuekin hitz egiteari, Zupiriaren arabera
Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuan lehertu den krisiak zeresana ematen jarraitzen du oraindik. Osakidetzan gertatzen ari denaz galdetuta eta autokritikari uko egin gabe, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du izendatu berriek kargua hartu bezain laster ekin ziotela zerbitzuburuekin hitz egiteari. "Ea aurrerabiderik izaten dugun datozen egunotan", azaldu du. Edozein kasutan, esan du beti egin behar dela autokritika eta hartutako erabakiak errepasatu: "Seguru nago ez genituela gauza asko ondo egingo".
Zupiriak goitik behera ukatu du osasun zerbitzu publikoa pribatizatzen ari denik. "Ez da erabaki bakar bat hartu gure osasun zerbitzua pribatizatzeko, ez dago inongo asmorik horretarako", gaineratu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Bingen Zupiriak azpimarratu du osasun publikoak inoizko aurrekonturik eta langile kopururik handiena duela. "Iritsi gara inoiz eduki dugun aurrekonturik handienera, osasun publikoan inoiz eduki dugun langile kopururik handienera, eta bide horretan lanean jarraitzeko asmoa daukagu", gehitu du. Ildo horretan, nabarmendu du 2013tik hona Eusko Jaurlaritzak ahalegin "izugarria" egin duela 2008ko krisiaren aurretik zegoen aurrekontu mailara bueltatzeko: "Ahalegin izugarria egin da osasun arloko inbertsioetan aurrera egiteko".
Bingen Zupiriak onartu du ez dakiela zein den Donostialdeko ESIko gatazkaren jatorria, lurraldeen arteko tirabira bat den, edo Gipuzkoan dauden zerbitzuen arteko koordinazio kontu bat den. Dena dela, esan du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela autonomia erkidegoa bere osotasunean hartzea, eta horren arabera erabakitzea eskaini behar diren zerbitzu horiek non eta nola eskaini behar diren, eta horretarako behar diren inbertsioak egitea.
Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka gaurko hezkuntzan deituta dagoen grebari buruz galdetuta, ez du ulertzen oraindik ere legea idazten ari diren honetan "badaezpadako" greba bat deitzea. Horren arabera, gaurko grebaren ondoren galdetu beharko da bi egun hauek zertarako balio izan duten, eta zertan egin den aurrera. Bingen Zupiriaren iritziz, sindikatu deitzaileak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri presio egin nahian dabiltza hezkuntza akordioa aldatu nahian.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da