Hiru metroko olatuak eta euri-jasak Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean, denboralearen azken egunean
Jada nahikoa ahulduta dagoen "Patricia" depresioak giro ezatsegina, itsaso zakarra eta, Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroa iparraldean, prezipitazio handia eragingo ditu, Euskalmetek eta Aemetek iragarri dutenez.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi abisu hori ditu indarrean: bata, itsasaldeko arriskuagatik, eta bestea, prezipitazio handiagatik, Gipuzkoan.
Lehen bi milietan, nabigaziorako arriskua egongo da gauerditik 18:00ak arte. Izan ere, olatuen altuera adierazgarria 3 metrokoa izan daiteke, arratsaldean 2-2,5 metrora jaitsiko bada ere; 1,5 m ingurukoa izango da azken orduetan. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metroko olatuak altxatuko ditu, 1,5-2 metro ingurukoak arratsaldean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin, eta itsaskia edo itsaski handia eragingo du.
Euri-jasak direla eta ezarritako abisu horia eguerdira arte egongo da indarrean. Euskalmeten arabera, ordubetean 15 litro pila daitezke metro koadroko, bereziki ekialdean. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea. Gipuzkoan, 20-40 litro pila daitezke metro koadroko, eta Bizkaian, 10-30 litro.
Halaber, Aemetek abisupean du Nafarroa iparraldea (Baztan ingurua) arrazoi beragatik. Abisua 14:00ak arte egongo da aktibo. 12 orduan 40 pila daitezke metro koadroko, iragarpenaren arabera.
Denboralea tarteko, 18 urteko mutil bat larri zauritu zen Ondarretako hondartzan (Donostia). Nonbait, olatu batek kolpatu zuen, eta baliteke muineko lesioa izatea.
Gainera, Donostiako Udalak Santa Klara uhartea eta Pasealeku Berria ixtea erabaki du, beste hainbat neurri prebentibo hartzearekin batera.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu da hirugarren larunbatez Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean