Langile bat hil da Bilbon, eraikin bateko teilatutik erorita
61 urteko langile bat hil da ostegun honetan Bilbon, eraikin bateko teilatuan mantentze-lanak egiten ari zela erorita, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Lan istripua 10:30 aldera izan da, Jose Maria Ugarteburu, Arabella auzoan, eta bertaratu diren osasun-langileek beharginaren heriotza baino ez dute baieztatu.
Horrekin, lau dira aste honetan Hego Euskal Herrian lan istripuz hildako pertsonak: Atxondon, AHTko obretako langile bat, Amurrioko Tubos Reunidoseko beste bat eta Nafarroan, Andosillan, obra batean lanean ari zen Calahorrako bizilagun bat.
LABek "ikuskapen kanpaina erraldoia" martxan jartzea eskatu du
LAB sindikatuak salatu duenez, lan-heriotzek "joera larria" dute Euskal Herrian egun gutxitan lau behargin hil ostean, "bi piezek zanpatuta eta beste bi altueratik erorita".
Horren ildotik, "aurrekaririk gabeko ikuskapen kanpaina erraldoi bat" martxan jartzeko eskatu du, "hiltzen gaituen patronalaren inpunitatearekin amaitzeko".
LABek, ohar baten bidez, elkartasuna eta babesa adierazi die gaur goizean Bilboko etxe bateko teilatutik erorita hildako langilearen senideei, lagunei eta lankideei.
Sindikatuak azpimarratu duenez, istripu horiek "prebentzio neurri xumeekin ekidin zitezkeen", eta heriotza horiek "prebentzio neurriak ez betetzea guztiz ohikoa den zantzu" direla salatu du. "Patronal honi ezin zaio minutu bakar batez ere inpunitateaz gozatzen utzi", nabarmendu du.
Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari dei egin die "premiazko" Gobernu Kontseiluak deitzeko, "CEN eta Confebask patronalei erantzukizuna eskatzeko eta premiazko neurriak hartzeko".
Azkenik, LABek iragarri du bihar, ostirala, Bilbon, astelehenean AHTren lanetan hildako beharginaren heriotza salatzeko intersindikalak egingo duen elkarretaratzean, heriotza berri hori ere salatuko dutela, eta bertan parte hartzeko deia egin du.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak talde nafarrak heriotza mehatxuak salatu ditu eta "elkartasuna ez gelditzeko" eskatu du
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik